Berdintasunerako Zirgari Sariek Belen Bilbaoren, Argitan Elkartearen eta Skolastika programaren lana aitortu dute

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK erakundeak Belen Bilbaoren, Argitan Elkartearen eta Skolastika programaren lana aitortu dute 2022ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zirgari Sarietan.

Foru erakundeak eta BBKk ematen dituzten sari horien zazpigarren edizioan sarituak izan direnak jakinarazi dituzte gaur goizean, prentsaurrekoan, Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eta Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak.

Prentsaurreko hau «Zirgariak» (Dora Salazarren lana) eskulturaren ondoan egin da, hain zuzen ere sari hauek inspirazio iturri gisa gutxi gorabehera  duela mende bat itsasadarrean zehar euren indar fisiko eta zirga baten laguntzarekin ontziak atoian eramaten zituzten emakumeen lana hartzen dutelako.

Sariak emateko ekitaldia Bilboko BBK Aretoan egingo da (Kale Nagusia 19-21), martxoaren 7an, 18:00etatik aurrera, eta bertara joan nahi dutenek honako esteka honen bidez eman dezakete izena: www.bizkaia.eus/inscripcion_social.

Laespada diputatuak azaldu duenez, Berdintasuna ezin da agenda publikotik desagertu, «sustrai matxista sakonak dituen gizarte batean bizitzen jarraitzen dugulako». «Oraindik ere sari hauek oso beharrezkoak dira, itsasadarrean itsasontziak atoian eramaten zituzten zirgariek euren indar propioaren laguntza bakarrarekin egindako lan nekagarria gogorarazten baitute» azpimarratu du.

Era berean, adierazi du «ez dela egia» dagoeneko Berdintasunean bizi garela, lortutako eskubideak eta askatasunak gorabehera, eta ezin dela onartu, ezta ere, «emakumeen egoera ahazten ari garenik» gure ahaleginak eta energiak pandemiaren eta horrek eragindako krisiaren aurkako borrokan zentratzeko.

«Berdintasunak gure politiken eta ideien iparra markatzen jarraitzen du. Gure lanak, energiak eta ahaleginek oinarrizko printzipioa defendatzen jarraitzen dute: emakume bat ez dela gizon bat baino gutxiago» nabarmendu du.

Bestalde, Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendariak azpimarratu duenaren arabera, «emakumeak ahalduntzea eta genero-berdintasuna sustatzea ezinbestekoa da garapen jasangarria bizkortzeko eta, 5. GJHaz gain, 2030 Agendak ezarritako gainerako helburu guztiak zeharkatzen dituen zeregina da. Emakume eta neskatoen aurkako diskriminazio-mota oro desagerraraztea ez da bakarrik oinarrizko giza-eskubide bat, izan ere, horrez gain, ondorio biderkatzailea du gainerako garapen-eremu guztietan».

SARITUAK

Sariei dagokienez, ibilbidearen saria Belen Bilbaorentzat da, erakundearen saria Argitan Zentroarentzat eta proiektuaren saria Skolastikarentzat.

Belen Bilbao medikua da eta ez da bere lanbidea betetzera mugatu, baizik eta, bere ohiko betebeharraz haratago, bere aisialdiaren eta bere indarren zati handi bat kolektibo behartsuen, bazterkeria-egoeran dauden pertsonen eta, bereziki, kalteberatasun-egoeran dauden emakumeen bizitza hobetzen laguntzera bideratu du.

Gaztetatik, batez ere unibertsitate garaian, parte hartze aktiboa izan zuen Bizkaiko Mugimendu Feministan, batez ere Emakumeen Asanbladan. Gogoratu behar da, halaber, ginekologiako 28.000 historia kliniko inguru pilatu dituela.

Barakaldoko Argitan Emakumearen Aholku Zentroa 1996an eratu zen indarkeria matxista eta horren ondorio guztiak salatzeko eta politika feministak sustatzeko beharra agerian uzteko.

Argitan Zentroak batez beste 350 emakume jasotzen ditu urtean; beraz, 26 urteko ibilbidean indarkeria matxistaren eta desberdintasunaren 8.700 biktima baino gehiago artatu ditu, aholkularitza juridikoa, lanekoa, laguntza psikologikoa eta gizarte-prestazioei buruzko informazioa eskainiz.

Skolastika, berriz, literatura, feminismoa eta aldarrikapena batzen dituen proiektua da. Emakumeen iragan literarioaren berri ematen digu  eta hori guztia  tailer, hitzaldi, mintegi eta literatur ikastaroen bidez aldarrikatzen du. Eta bere lan hori nortasun propioarekin garatzen  du, emakumeen talentuaren eta sorkuntzen aurkako estereotipoak eta aurreiritziak eraisten laguntzen duen metodologia parte-hartzailea erabiliz.

Prentsaurrekoan hil berri den  eta Zirgari Sarietako epaimahaikidea izan zen Lucía Martínez Odriozola kazetaria ere gogoratu dute.