Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, BizkaIdatz literatur lehiaketaren hamahirugarren edizioko sariak banatu ditu gaur arratsaldean Foru Liburutegian.
‘Esta historia la escribes tú/Jarraitzeko prest? Orain zure txanda da’ leloarekin Aldundiaren helburua Bizkaiko herritarren artean literatur sorkuntza sustatzea eta bultzatzea da.
Euskarazko modalitatean epaimahaikideak Alaine Agirre, Idoia Barrondo eta Marta Goikoetxea izan dira eta Bittor Muniozgureni eman diote lehen saria, Gilen Mejutori bigarrena eta, azkenik, Arrate Lastrak jaso du hirugarren saria. Kontakizun guztiek «Zutunik eta makurtuta» izenburuari jarraituta garatu dira.
Era berean, gaztelaniazko modalitatean Andoni Abenójar, Begoña Elorrieta eta Elena Fernández izan dira epaimahaikideak. Kasu honetan lehen saria Aner Gondrarentzat izan da, «Siguiendo el hielo» lanagatik; bigarren saria Juan Enrique Garcíarentzat izan da «Tregua» obrarekin eta, azkenik, Ignacio Giménezi eman diote hirugarren saria, «El germen del horror» obragatik.
Bi modalitateetan lehen sariak 2.000 euro eta egiaztapen-diploma ditu, bigarrenak 750 euro eta diploma, eta hirugarrenarentzat 250 euro eta egiaztagiria dago. Horrez gain, egun horretan kontakizun guztien argitalpen bateratua iragarriko dute.
Kontakizun jarraituak
Bizkaiko Foru Aldundiak 2008an abian jarri zuen Bizkaidatz literatur lehiaketak bizkaitarren sorkuntza literarioa bultzatu eta sustatzen du.
Parte hartzaileek kontakizun bat idatzi behar zuten, gaur egungo beste idazle batzuek proposatutako bi istorioren (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz) hastapenetatik abiatuta, betiere proposatutako kontakizunen hasierara, pertsonaietara eta planteatutako egoeretara egokituta. Hala, oraingo honetan, Alaine Agirreren Zutunik eta makurtuta’ eta Mikel Santiagoren ‘Una sorpresa de ocho patas’ izan dira lehiaketaren hasierako testuak.
Hamairu urte hauetan 578 kontakizun aurkeztu dira; horrela, hogeita sei idazlek euren proposamenak aurkeztu dituzte Bizkaidatzen parte hartzaileek kontakizunei jarraipena ematearen ondoreetarako.