Connecten Bilbao Bizkaiak 32 bilera egingo ditu airelinea eta aireportuekin konexioak sendotzeko eta berriak lortzeko

0

Bilbao Bizkaia Connect-era joango da aurten lehen aldiz. Connect konektibitatearen arloko ekitaldi handienetakoa da nazioartean  eta bertan 32 bilera egingo ditu hegazkin-konpainiekin eta aireportuekin, helburu bikoitzarekin: pandemiaren aurretik zegoen aireko konektibitate-sare osoa lehengoratzea, besteak beste Stockholm bezalako destinoetara itzuliz, eta ibilbide berriak irekitzea estrategikotzat jotzen diren merkatuetara, hala nola Mosku, Varsovia, Helsinki eta Kopenhagera.

Topaketa gehienak airelineekin egingo dira, bai dagoeneko Bilboko aireportuan lan egiten dutenekin (Vueling, Volotea, Eurowings, Air France…), konpainia horiek 2022an izango duten funtzionamendua zehazteko eta pandemiaren aurretik martxan zeuden lineak suspertzen saiatzeko, bai oraindik martxan ez dauden beste linea batzuekin, ibilbide berriak irekitzen saiatzeko. Azken horien artean, aipatzekoak dira Lot Polish Airlinesekin edo Wizz Air hungariarrarekin egingo diren bilerak; horiekin xedea Bilboko Aireportua Ekialdeko Europarekin lotzea da. Eta baita Finn Airrekin egingo dena ere, konpainia horrek Bilbo Bizkairako estrategikotzat jotzen den eskandinaviarra bezalako merkatu baten jarduten duelako; kasu horretan helburua akordioa lortzea da Stockholmekiko ibilbideari berriro ekiteko eta Helsinkirekin bide berri bat ezartzen saiatzea.

Connecten, halaber, Bilbao Bizkaiaren ordezkaritza hainbat aireporturekin bilduko da horietako batzuekin lotzen gaituzten ibilbideetan sakontzeko eta beste batzuekin loturak ezartzeko, aireportu horiekin lankidetzan aritzea oso garrantzitsua delako etorkizunean hegazkin-konpainiak erakartzeko abiapuntua edo helmuga Bilboko aireportuan duten ibilbideak ezartzerakoan.

Networkingean oinarritutako Connect formatuak eta Europako merkatuak garrantzi berezia duen ekitaldia izateak bultzatu dute Bilbao Bizkaiak bihar hasi eta ostirala bitartean Tamperen (Finlandia) egingo den hemezortzigarren edizioan parte hartzea. Edizio honetan hegazkingintzako eragile nagusietako 650 baino gehiagok hartuko dute parte, 75 aire-linea eta 280 aireportu barne.