Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu du euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 2,2 milioi euro bideratuko ditu helburu horretara.
Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kaleratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskatzaileek kirol-proiektuen azalpen memoria bat aurkeztu beharko dute eta balorazioa egiterakoan kontutan hartuko da besteak beste, euskararen erabilera maila, emakumeen parte hartzea sustatzeko eta emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimenak edota autofinantzaketa maila.
Aurtengo berezitasuna da kirol autoktonoek, hau da pilota, herri kirol eta arraun federazioek, dirulaguntza izenduna izango dutela eta beraz ez dira dirulaguntza hauetan sartuko. Beraz beste euskal federazioentzat banatuko den dirua iazkoa baino 5.000 euro gehiago izango da.