Gobernu Kontseiluak EiTBren kontratu programa berria onartu du 2022-2025 aldirako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak, 2022ko otsailaren 22an egindako bilkuran, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Irrati Telebistaren artean 2022-2025 aldirako programa-kontratu berria izenpetzea onartzen duen akordioa onartu du.

Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak – EITB atxikita dagoen saileko titularra den aldetik- eta EITBko zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoak, datozen egunetan sinatuko dute programa-kontratu berria. Dokumentua sinatu ondoren, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean, eta 2025eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.

Programa-kontratu berriak bi aldeen betebeharren eta konpromisoen esparrua berritzen du, Euskadin ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateari dagokionez. Horrela, EITBren 5/1982 Sorrera Legearekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin bat etorriz, programa-kontratuak finkatu egiten ditu EITBk euskal gizarteari eskaini behar dion ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoaren misioa eta printzipioak, besteak beste, pertsona guztiek irispidea izango dutela bermatzea, informazio anitz eta egiazkoa izateko eskubidea, euskararen sustapena eta normalizazioa, euskal kultura eta euskal kirola bultzatzea, euskal gizartearen bidelagun izatea eragile eraldatzaile moduan, ikus-entzunezko ekosistemaren garapenaren alde egitea, edota Euskadiren leihoa izatea munduan.

Bestalde, programa-kontratuak EITB finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena finkatzen du (ibilgetuaren inbertsioetarako, ustiapen-gastuetarako eta ikus-entzunezko ekoizpen europarrak finantzatzeko betebeharretarako). Aurreikuspen horren oinarria Eusko Jaurlaritzak 2022rako EITBri egingo dion ekarpena da, hau da, 161,5 milioi eurokoa.

Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, EITBk 2022-2025 Programa Kontratua aurkeztuko du Administrazio Kontseiluaren hileroko bileran, gaur arratsaldean bertan. Era berean, Bingen Zupiria sailburuak eta Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute dokumentua biek batera, EiTBko Kontrol Batzordearen aurrean. Horretarako, dagoeneko egin dute norberak eskatuta agerraldia egiteko eskaera.