Datu eta sentsazio onekin itxi du urtea Iraurgi Berritzenek

0
PRUEBA
¡Iraurgi Berritzenek lantzen dituen 7 arloetako datuak aurkeztu dira, besteak beste, tokiko garapena, enpresa, hezkuntza, enplegua, ekintzailetza, merkataritza eta turismoa. 127 enpresekin burutu dira hartu-emanak, 4,1 milioi euro kudeatu dira diru-laguntzetan. 356 lan eskaintza kudeatu dira guztira sektore guztietan eta 100 pertsona laneratuta zerbitzuaren bitartez. Egun %7,7koa da langabezia indizea Urola Erdian, azken urteetan bilakaera positiboa izaten ari da.

Gaur, Loiola Zentroan, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziak 2021eko datuak aurkeztu ditu. Bertan, Nagore Alkorta, Azpeitiko Alkatea eta Iraurgi Berritzeneko Lehendakaria; Javier Zubizarreta, Azkoitiko Alkatea eta Lehendakariordeak eta Begoña Beobide Agentziako Zuzendariak parte hartu dute.

Nagore Alkortak azaldu bezala, “eskualdeko ikuspegitik abiatuta gure udal herrien sustapen sozioekonomikorako daukagun tresna nagusia da Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentzia.

Bere esanetan “azken bi urteak ez ohikoak eta zailak izanagatik guztiontzat, Iraurgi Berritzenetik balorazio positiboa egiten dugu. Urte ezegonkorrak izan dira eragile sozioekonomikoentzako, baina aldi berean, erronka horiei aurre egiteko eragileon arteko harremana indartu egin dela uste dugu. Alde batetik, Iraurgi Berritzenen baitako hartu-emanak eta parte hartzerako espazio guneak indartu dira, batez ere azken urtean”.

Indartze horretan gainera, eragile gehiagotara iritsi direla adierazi du. “Sarea handitu dugu eta hori oso garrantzitsua da gurea bezalako erakunde batentzat. Eragileenganako irismena eta beren konpromisoa ere handitu egin dela sumatzen dugu. Beraz, esan dezakegu, sendotzen ari dela lan egiteko hartutako lankidetza mota”.

Horri guztiari, datuen inpaktu positiboa gaineratu behar zaiela adierazi du eta ziurrenik, lehen puntuen eta ondo egindako lanaren ondorioa direla emaitza onak. Beraz, Iraurgi Berritzenen izenean eskerrak eman nahi izan dizkie eragileei urte zail hauetan egindako esfortzu eta erakutsitako inplikazioagatik.

Ondoren Jabier Zubizarretak hartu du hitza. Bere esanetan “Gobernantza eta lankidetza publiko pribatuan oinarritzen den eredua da gurea, eragileekin elkarlanean identifikatutako behar eta proiektuak garatzeko beharrezkoak diren bitarteko baliabideak ahalbidetuz eta kudeatuz”.

“Elkarrekin Eskualdea Eraldatzen” leloak, erakundearen lan filosofian oinarritzen diren hiru balio nagusiak laburbiltzen ditu:

• Elkarrekin: Eragileekin lankidetzan harreman sare eta partehartze espazio ezberdinen bitartez.
• Eskualdea: Denok batera indarrak batuz norbera indartzeko.
• Eraldatzen: Eragileek etorkizunera egokitzeko egin beharreko eraldaketa prozesuetan bidelagun izaten.

Iraurgi Berritzeneko Lehendakari eta Lehendakariordeak sarrera, agentziaren inguruko balorazioa, lan eredua eta Tokiko Garapen Arloaren datu esanguratsuenak aurkeztu dituzte.

TOKIKO GARAPENA

Bi udaletako alkate eta Ekonomiako Zinegotziek osatzen duten Tokiko Garapen Gunearen helburua, eskualdearen sustapen sozio-ekonomikorako proiektu estrategikoak eta inguru berritzaileak sortzeko politika eta estrategiak garatzea da, eta beraz bertan landutako proiektu desberdinetan lortutako emaitzak azaldu ditu Iraurgi Berritzeneko Lehendakariordeak.

Alde batetik, 2021-2024eko Hausnarketa estrategikoa, gure Urola Erdiko eskualdea erakargarri egiteko oinarriak eta ekintza plana definituko dituen prozesua abian da. Bestalde, negozio aukera berriak lantzeko bi lan ildo landu dira, alde batetik Silver Economyaren inguruko aukerak eta bestetik Ekonomia Zirkularraren ingurukoak, bi arloetan, pauso garrantzitsuak eman direlarik.

Eta amaitzeko, jasangarritasunaren ikuspegitik, GFAk babestuta, Udal eta Urkomeren artean abian den Energia Mahaiaren baitan, energia berriztagarriak sustatuz proiektu desberdinak garatu dira: 9 ikastetxeetan Euronet 50/50 proiektua, Urola Erdiko bizikleta mugikortasunerako plana bideratzeko diagnostikoa eta ibilgailu-flota berritzeko irizpideen definizioa.

Ondoren, Lehendakariak hartu du hitza berriro Enpresa arloko 2021eko datu azpimarragarrienak aurkeztuz.

 

ENPRESAK

Enpresa arloari dagokionez, Agentziaren irismena areagotu da, Enpresa Guneari indar gehiago eman zaio, enpresen parte-hartzea handiagoa izan da elkarlanean beharrak identifikatuz eta lehentasunak ezarriz. Proiektuei dagokionez, 127 enpresekin burutu da hartu-emana. Ikasiz programaren barruan, enpresen lehiakortasuna eta eraldaketa sustatzeko kapazitaziorako 9 jardunaldi burutu dira 92 enpresa parte-hartzailerekin. IkasEkin, praktikaren bitartez teknologia eta digitalizazioa, produkzioaren optimizazioa eta pertsonen kudeaketa aurreratua ulertu eta praktikan jartzeko 5 prozesu gauzatu dira, guztira 41 enpresa/proiektu garatu direlarik. Diru-laguntzei dagokionez, zerbitzua indartu egin da enpresa kopuru onuraduna handituz. Guztira, 105 diru-laguntza kudeatu dira, 38 enpresa onuradun eta 4,1milio euro eskatu dira.

Ondoren, Beobidek hartu du hitza beste arloen berri emanez.

 

ENPLEGUA

Enpleguari dagokionez, Begoña Beobideren hitzetan arlo honen helburu nagusia, “eskualdeko langabeziaren murrizpena eta pertsonen enplegua eta lan munduratzeko prestakuntzaren sustapena da, tokiko enplegu politika garatuz”.

Ildo honetan 2021 urteari dagokionez, aurreikusitako helburuen lorpena altua izan dela azpimarratu du. Langabeziaren bilakaera azken urtean positiboa izan da, (%-14) jaitsierarekin Urola Erdiko langabezia indizea %7,7koa da gaur egun, azken urtetan izaten ari den joera mantenduz.

Udalek elkarlanean abian jarritako enplegu sustapen planaren ondorioz, eskualde mailan zerbitzu eta lan lerro desberdinak abian dira. 2021 urtean lortutako emaitza nagusien artean azpimarratzekoak dira: IB irismenaren zabalkundea; Enplegu Gunea: Enplegu eta prestakuntza ordezkarien gunea, dinamika indartzen jarraitu da, arlo sozial eta inklusio eragileak barneratuz. www.urolanprest. web orriaren bitartez, eskualdeko lan eta prestakuntza eskaintza eguneratuaren difusioa kudeatu da, bertako erabilera handituz doalarik urtez urte (1300 erabiltzaile hilero). Ikaslan: Langabetuentzat prestakuntza behar berriak identifikatu dira, dauden eskaintzetara bideratu edota ikastaro berriak antolatu dira eragileekin elkarlanean, Izarraitz Lanbide Heziketarekin bereziki. Enplegu eta orientazio zentroen zerbitzuak: 1.237 erabiltzaile bakarrei eman zaie arreta urtean, 356 lan eskaintza kudeatu dira guztira sektore guztietakoak eta 100 pertsona laneratuta zerbitzuaren bitartez. Lan Munduratze Programari dagokionez, Langabetu profil desberdinei egokitutako programa desberdinak exekutatu dira, 49 pertsonak parte hartu dute eta horietatik 36 laneratu dira.

Bi perfil klabetan ipini da fokoa: Gazte kualifikatuen talentua eta egoera ahulenean dauden perfilak bultzatzean:

Alde batetik, KAP Proiektuak: Eskualdeko gazteen erakarpena enpresetara burutu da KAP proiektuen kudeaketaren zerbitzuaren bitartez. Enpresa kopurua eta gazte partehartzaile kopurua handitu eta indartu da. Besteak beste, 48 enpresek parte-hartu dute, 52 ikaslek eta 38 proiektu itxi dira.

Bestetik, egoera ahulenean- bazterkeria egoeran edo arriskuan- dauden langabetuei erantzuna emateko, 2021 urtean UE ElkarEkinez Lanean II proiektuaren exekuzioa hasi da eskualde mailan (GFAren babesarekin). Pertsona hauek gizarteratze-laneratzeko prestakuntza eta enplegu ibilbideak sustatu dira, inklusio eragileekin lankidetzan. Guztira, 66 pertsonek parte hartu dute; oinarrizko konpetentziei dagokionez 4 ikastaro antolatu dira eta konpetentzia teknikoak 2 izan dira. Gainera, enplegu inklusiboa sustatzeko jardunaldiak eta bisitak antolatu dira enpresa industrial eta inklusio eragile artean (Gureak, Katealegaia, Sartu). Proiektua 2022an amaituko da.

 

EKINTZAILETZA

IBn ekintzaileen beharretara egokitutako baliabideak eskaintzen ditugu, bidelagun izanez eta elkarlanean arituz ekintzailearekin zuzenean nahiz zeharka lotura duten eragileekin. Horretarako, hainbat ekintza martxan jartzen dira; formakuntzak, kafe tertuliak, eskualdeko medioetan ekintzaileei ikusgarritasuna emateko kanpainak, sentsibilizazio saioak ikastetxeetan… Guzti honek, urtean zehar 80-100 ekintzaile potentzial artatzea ahalbideratzen digu.

Bestalde, zerbitzura gerturatzen diren ekintzaileek duten erronka nagusiena, merkatuan identifikatu duten behar horri erantzuteko negozio eredua nola eskaini da, eta eredu horretan, digitalizazioa, ingurumenarekiko ardura eta zerbitizazioa ezinbesteko osagaiak dira.

Guztira 84 ekintzaile hurbildu dira eta 44 egitasmo landu. Horietatik, 15 enpresa eta 20 lanpostu sortu dira. 193 ekintzailek parte hartu dira antolatu diren ekintza ezberdinetan.

 

HEZKUNTZA

Hezkuntza arloak, DBH eta Batxiler mailan eragiten du eta eskualdeko 5 ikastetxeen beharrei erantzuna emango dien proiektu konkretu eta eraldatzaileak landu dira. Azken ikasturtean, 5 lankidetza proiektu landu dira: Ikasiz, Elkarrekin Eraikitzen, STEAM Urola Erdian, Gerolan eta Izan Ekintzaile.

Proiektu hauen bidez, arloaren helburuari erantzun zaio, hau da eskualdeko eragile sozioenkomikoekin harremanak indartu, ikasleen orientazioan lagundu, irakaskuntza metodologia berriak landu eta zientzia nahiz teknologia gaitasunak landu dira.

Oro har, ikasturtean, 5 ikastetxe, 30 irakasle, 400 ikasle eta 50 eragile sozioekonomiko inguruk hartu dute parte.

 

MERKATARITZA

Txikizkako merkataritza, iraultza hirukoitza bizitzen ari da, batetik kontsumitzaileen erosketa ohituren aldaketa, produktua-zerbitzua eskaintzeko ereduen aldaketa eta azkenik, gure herrigunetako egitura ekonomikoaren eraldaketa.

Guzti hau kontuan izanik, gure konpromezua eta ahaleginak, gure herriguneak bizirik irautera bideratuak daude eta horretarako beharrezkoak diren ekintzak abian jartzera, beti ere eskualde ikuspegitik eta merkataritza elkarteekin elkarlanean.
Guztira, 160 establezimendurekin jarri da IB harremanetan. 6 eskualdatze landu dira eta horietatik 3 gauzatu. Bestalde, merkataritza suspertzeko 2 kanpaina jarri dira martxan.

 

TURISMOA

Eragile, erakunde, eta enpresa desberdinekin harremanak kontsolidatu dira. Alojamenduei dagokionez, 8 enpresek parte-hartu dute eta hainbat ekimen burutu dira Marketingeko tailerra adibidez. Ignaziotar urtearen baitan Jesusen Lagundia, udalak eta turismoko eskumenak dituzten erakundeekin harremanak sendotu eta kontsolidatu dira, eskaintza turistikoan hainbat ekintza garatuz eta digitalizazioaren eremuko proiektu garrantzitsu bat abian jarriz. Marka turistikoa eta webgunea berritu dira, Urola Erdiko eskaintza turistikoa modu erakargarri eta berritzaile batean azalduz.