Jokin Bildarratzek: “Euskadin hezkuntza-sistema oso ona dugu, eta lanean jarraituko dugu horrela izaten jarrai dezan”.

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Bilboko Herri Irratian. Bertan, hezkuntzari eta bera zuzentzen duen Sailari buruzko hainbat gai jorratu ditu.

Pandemiak ikasgeletan izan duen eraginari dagokionez, sailburuak adierazi du azken asteetan egoerak hobera egin duela modu esponentzialean, ikasturte honetan dauden 17.470 ikasgelen artean oso gela gutxi baitaude itxita une honetan. Gogoratu duenez, gela bakarra itxita izatea kezkagarria bada ere, Gabonetako oporren aurretik 400 baino gehiago ziren itxita zeudenak. Horregatik, hezkuntza-komunitate osoa, eta bereziki ikasleak, egiten ari den lana eskertu nahi izan du. Zentzu horretan, apurka-apurka hezkuntzarekin, pedagogiarekin edo alderdi emozionalekin zerikusia duten gaietan gehiago zentratu ahal izatea espero duela azaldu du, eta pandemiarekin zerikusia duen guztia erlaxatzen hasi, hau ere apurka-apurka.

Hala ere, oraindik pandemian gaudela gogorarazi du, eta kezkatuta agertu da inauteriek izan dezaketen eraginagatik; izan ere, pandemiaren bilakaerarako “proba erabakigarria” izango baitira festa horiek. Oraindik indarrean dauden covid-aren aurkako neurriak (burbuila taldeak, batez ere) malgutzeari buruz galdetuta, Bildarratzek esan du erabakiak bilakaera epidemiologikoaren arabera hartuko direla, betiere zuhurtziaz jokatuz.

Etrokizuneko Hezkuntza Legeaz

Legebiltzarrean etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legerako oinarrien dokumentu bat osatzeko burutzen ari diren eztabaidaz ere hitz egin du Bildarratzek. Positiboki baloratu du “letra xeheari buruz” egiten ari den eztabaida eta hausnarketa; izan ere, sailburuaren arabera, “horrek esan nahi du guztiok kezkatzen gaituela hezkuntzaren etorkizunak, gure gazteriaren eta gure herrialdearen etorkizuna baita”. Era berean, gaineratu du, Legebiltzarrean lantzen ari direnaz gain, Hezkuntza Sailak harremanetan jarraitzen du hezkuntza-eragileekin, “beharrak eta ikuspuntu desberdinak aztertzeko”.

Etorkizuneko arau horri dagokionez, azpimarratu du “erabakiak hartu behar direla, ikasgelen edo ikastetxeen artean sortzen diren ahultasunak edo desberdintasunak zuzendu eta orekatu daitezen, eta ikastetxe guztiek, publikoak zein itunpekoak izan, modu proportzionalean eta ekitatiboan beren gain har ditzaten”.

Bildarratzek nabarmendu du Euskadik kalitatezko hezkuntza-sistema duela, eta, hobetu beharreko alderdiak beti egongo diren arren, zuzentzen duen Sailak “bikaintasuneko eta kalitateko hezkuntza-sistemaren alde lan egingo duela, bidezko sistema baten alde”. Ildo horretan, bere buruari galdetu dio zergatik azpimarratzen ote duten Legebiltzarreko talde eta eragile batzuek beti alde negatiboa, sistemak lortzen dituen emaitza onen eta hezkuntzako profesionalek egiten duten lanaren ordez. Adibide gisa, adierazle bat aipatu du: Euskadik % 4,8ko eskola-uzte goiztiarraren tasa du gaur egun, Estatuko eta Europako tasarik txikiena. Bildarratzek azpimarratu du EBrako ezarritako helburua % 10ekoa dela. «Guk kalitatezko hezkuntza-sistema baten alde lan egiten jarraituko dugu», amaitu du.