Bingen Zupiria sailburua Kirolaren Euskal Kontseiluaren bileraren buru izan da

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria Kirolaren Euskal Kontseiluaren bileraren buru izan da gaur. Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak ere parte hartu du batzarrean.

Kirolaren Euskal Kontseilua herri-administrazioen aholkularitza, kontsulta, jarraipena nahiz eztabaida sektoriala ahalbideratzen duen organo nagusia da, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari eragiten dioten gaietarako. Bileran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako eta EUDELeko ordezkariek, kirol federazio desberdinetako kideek, kirol arloko adituek eta kirolari ohiek ere parte hartu dute. Telematikoki eta modu presentzialean egin da gaur batzarra.

Gaurko bileran besteak beste, kirolaren esparruan COVID-19ak izan duen eragina eta egindako jarduerak aztertu eta azaldu dira eta Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren eta Kirolaren Euskal Eskolaren 2021eko jarduerari buruzko informazioa eman da.