Europako Batzordeak behi-tuberkulosirik gabeko eskualde izendatu du Euskadi: behi-aziendari eta, batzuetan, bestelako ugaztun-espezieei (basatiak zein etxekoak) eragiten dien bakterio-gaixotasuna da hori. Arrakasta handia izan da hori, hainbat hamarkadatan administrazio publikoek, albaitariek eta abeltzaintza-sektoreak ahalegin etengabea egin ondoren; izan ere, urte horietan garatu dira gaixotasuna desagerrarazteko programan ezarritako saneamendu-kanpainak.
Aitorpen hori egin aurretik, EAEn Mycobacterium tuberculosis (CMTB) infekzioa eragiten duen gaixotasunik gabeko estatusa aitortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aztertu du Batzordeak. Beraz, otsailaren 20az geroztik Euskadi CMTBrik gabeko eremua da.
Gaixotasun bakteriano kronikoa
Behi-tuberkulosia gaixotasun bakteriano kroniko eta ahulgarria da, eta Mycobacterium bovis motako infekzioak eragiten du; ugaztun gehienengan izan dezake eragina. CMTB hainbat patogenok osatzen dute, besteak beste, Mycobacterium bovis behi-tuberkulosiaren eragileak. Zoonosi horrek, gaur egun, kezkagarria izaten jarraitzen du garapen-bidean dauden herrialdeetan.
Nahitaez aitortu beharreko animalien gaixotasun bat da, eta pertsonei ere eragin diezaieke. Osasun publikoko arazo handia da mundu osoan, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan. Zoonosi garrantzitsua da, eta pertsonak infekta daitezke aerosolak arnasteagatik edo mikrobakterioa ezabatzen duten tratamendu termikoak jaso gabeko animalia infektatuen esnea irensteagatik.
Zeinu klinikoak infekzioaren fase berantiarrean agertzen dira animalietan, eta honako ezaugarri hauek dituzte: gaixotasun-egoera orokorra, pneumonia eta sukar baxu fluktuatzailea, ahultasuna, jateko gogorik eza eta pisu‑galera. Infektatutako animaliek bakterioak kanporatzen dituzte arnas jariakinen, gorozkien eta esnearen bidez, batez ere. Transmisioa zuzenean gertatzen da animalia osasuntsuen eta infektatuen arteko kontaktuaren bidez, edo, zeharka, ahotik, infektatutako animalien jariakinez kutsatutako pentsuak irenstean, edo airez, aerosol-itxurako mikrotantak arnastean.
Prebentzioa eta kontrola animalien diagnostiko goiztiarrean eta nahitaezko hilketan oinarritzen dira. Mundu osoan dagoen gaixotasun sistematiko larria da, eta, gaur egun, ez dago baimendutako txertorik.