“Up!Euskadi” ekintzailetzaren euskal ekosistema datorren astean ekintzailetzaren nazioarteko ekitaldi nagusietako batean izango da, 4YFN (Four Years From Now) izenekoan, otsailaren 28tik martxoaren 3ra Bartzelonan egingo den sektore mugikorraren munduko kongresurik handienaren barruan: Mobile World Congress (MWC).
4.0 industriako euskal konpainiek, 16 startupek eta ekintzailetzaren euskal ekosistemako eragileek, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen ordezkariekin batera, Euskadi ordezkatuko dute 900 enpresa emergente baino gehiago dituzten startup teknologikoentzako erreferentziazko hub gisa, mundu osoko startupak, inbertitzaileak eta enpresak biltzen dituen topaketa batean, nazioartean enpresa-proiektu berriak konektatu eta bultzatzeko helburuarekin. Up!Euskadiren stand bat izango du Euskadik.
Ekitaldi horren esparruan eta stand horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak sarbide irekiko plataforma interaktibo berri bat aurkeztuko du, Up!Euskadin txertatua, Euskadiko ekintzailetzaren ekosistema osoari buruzko informazioa eta 900 enpresa emergente baino gehiago biltzen dituena.
Sailburuak, Mobile World Congresseko zuzendaritzak gonbidatuta, munduko erreferente diren eragile publiko eta pribatuak biltzen dituen lider digitalen mahai-inguruan parte hartuko du. Foro honek sektore guztietako lider eraginkorrak biltzen ditu 5G bezalako teknologia mugikorren eta bere aplikazioen adopzioa zabaltzeko aukerei buruz eztabaidatzeko, baita eraldaketa digitalaren etorrera bizkortzeko elkarteak indartzen laguntzeko ere.
Misioaren agendako beste mugarri garrantzitsuenetako bat sailburuak vicepresident i conseller de Polítiques Digitals i Territori Jordi Puigneró i Ferrerekin izango duen bilera da. Arantxa Tapiak duela urtebete baino gutxiago onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia aurkeztuko dio, eta Adimen Artifiziala, Zibersegurtasuna edo 5G bezalako teknologietako lankidetza-esparruak identifikatuko dira.
Gainera, eta Europako operadore mugikor nagusien arduradunekin batera (Deutsche Telekom, Orange, Telefónica, Telia Company eta Vodafone), sailburuak ECORATING ekimenean garatutako lana partekatuko du. Ekimen hori IHOBE euskal sozietate publikoak sortu du, eta telefono mugikorrek beren bizi-ziklo osoan duten ingurumen-errendimendua ebaluatzen du – Ekoizpena, garraioa, erabilera eta ezabaketa, mundu erabilgarriaren amaieran.
Euskal startupak Mobile World Congressen
Gainera, Mobile World Congressen integratutako 4YFN topaketan, euskal ekintzailetzaren ekosistemaren ekimen guztiak erakutsiko dira Up!Euskadiren standean, eta 16 startup teknologikok beren proiektu disruptiboak jarriko dituzte erakusgai. Proiektu horietan adimen artifiziala, Big Data eta analitika aurreratua, ikuspen artifiziala, fabrikazio gehigarria, errealitate areagotua eta birtuala, e-learninga edo machine learninga aplikatzen dituzte, beste zenbait teknologiaren artean, azken belaunaldiko soluzio berritzaileak garatzeko. Gainera, BIND 4.0 programako trakzio-enpresa industrialen ingurune errealetan ekintzailetzaren euskal ekosistemako zenbait startupek abian jarri dituzten azken soluzio teknologikoak azalduko dira hitzaldi batean.
Beren teknologiak eta proiektuak 4YFN topaketan aurkeztuko dituzten startupak honako hauek dira:
Nutrenaissance
YouKast
Up!Euskadirako plataforma berria
Datuen online plataforma berria Dealroom konpainiarekin lankidetzan garatu da, eta Euskadiko startupen ekosistema osoari buruzko informazio eguneratua eskainiko du, datuen kudeaketa errazteko eta haien ikusgaitasuna bultzatzeko, nazioartean lider diren plataformetako batean daude-eta. Ekimen horrek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, Ekintzailetzako Erakunde Arteko Planaren (EEP 2024) bitartez Euskadiko ekintzailetzari eta barne-ekintzailetzari laguntzekoa.
BIND 4.0 nazioarteko ekitaldi batean aurkeztea
SPRI Taldearen eta Up!Euskadiren ekimenen artean, BIND 4.0 dago, industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma, 2016. urteaz geroztik abian dena eta egin dituen sei edizioetan 130 startup baino gehiago azeleratu eta berrikuntza irekiko 200 proiektu baino gehiago garatu dituena, 7 milioi eurotik gorako fakturazioarekin. Ekimen publiko-pribatua da, berrikuntza eta eraldaketa digitala ahalbidetzen dituena, startupen eta sektoreko erreferentziazko enpresa handien arteko lankidetzaren bitartez.
Arestian adierazi den moduan, nazioarteko ekimen horren arrakasta sakonki ezagutzeko, sailburu Arantxak enpresen eta startupen arteko lankidetzaren BIND 4.0 eredu hori azalduko du, BIND 4.0 plataformako 65 trakzio-enpresetako batekin (Unilever) eta Alumni Bigda Solutions startuparekin batera.
Up!Euskadiren eta BIND 4.0 plataformaren agenda MWCn eta 4YFN topaketan
Martxoaren 1a
- 09:00 – “Lider Digitalak” mahai-ingurua, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia parte-hartzaile izango duena, 1. hitzaldi-aretoan.
- 11:30 – Up!Euskadi plataformaren aurkezpena, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin, Up!Euskadiren standean (6 halla – 6D4A standa).
- 14:15 GSMAk ECORATING ekimena aurkezteko antolatutako topaketa, GSA, Telefónica eta Orangeko arduradunekin batera. Stage B, Hall 5
- 15:00 – “BIND 4.0 – Startup onenak aurkitzen 4.0 industrian” aurkezpena, Beta Lab agertokian.
Martxoaren 2a
- 12:00 – “Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez enpresen eta startupen arteko lankidetzan eta lanean: arrakastarako funtsezko puntuak eta gomendioak” panela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin, BIND 4.0 komunitateko Unilever eta Bigda Solutions enpresen ordezkariekin batera.
- 13:00 – Euskadi eta Kataluniaren arteko alde biko topaketa. Sailburu Arantxa Tapia eta vicepresident i conseller de Polítiques Digitals i Territori Jordi Puigneró i Ferrer Kataluniako Generalitatearen standean bilera egingo dute bi gobernuak eraldaketa digitalaren esparruan hedatzen ari diren estrategia eta planen jardunbide egokiak aztertzeko eta partekatzeko.