Imanol Rojo eta Lucas Eguibar Basque Teameko kirolariak pozik daude euren hirugarren Jokoetako parte-hartzearekin

0

Beijingo 2022ko Neguko Jokoetan parte hartu ondoren, Imanol Rojo eta Lucas Eguibar hedabideen aurrean agertu dira gaur Donostian, Txinako hiriburuan gertatutakoaren balorazioa egiteko. Bertan izan dira Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailea eta Juan Cruz Narro Neguko Kirolen Euskadiko Federazioko presidentea.

Basque Teameko kirolariak pozik agertu dira Beijingen egindako lanarekin, Pyeongchangen (Hego Korea) aurreko hitzorduan egindakoa hobetuz. Lucas Eguibarrek zazpigarren postua lortu du snowboardcross lasterketan, bere lehen parte-hartze olinpikoan, Sotxin 2014an, lortutako emaitza berdinduz.

«Bidea gogorra izan da bizkarreko lesioagatik eta domina bat lortzeko Jokoetan berriro lehiatzea sekulakoa izan da. Hori da gehien hunkitu nauena” azpimarratu du Lucasek.

Egungo munduko txapelduna podiumera igotzeko faborito nagusietako bat zen; hala ere, aurreko hilabeteak bizkarreko lesioak jota pasa ondoren, Jokoetan lehiatu ahal izatea bera, ospakizunerako arrazoia izan da. Lucasek bizkarra ukituta dauka, are gehiago final olinpikoan egindako ahaleginaren ondoren, baina denboraldi hau bukatzeko bi proba falta zaizkio Munduko Kopan: Reiteralmekoa (Austria) martxoaren 10ean eta 12an, eta Veysonnazekoa (Suitza) martxoaren 20an.

Imanol Rojorentzat ere ez da amaitu kanpaina Beijingeko Jokoekin. Tolosarrari Osloko (Norvegia) Munduko Kopa geratzen zaio martxoaren 5-6an, Falungoa (Suedia) martxoaren 11-13an eta Tyumenekoa (Errusia) martxoaren 18-20an.

Txinan lortutako emaitzek gehiago motibatu dute Basque Teameko iraupeneko eskiatzailea. Rojok izugarri hobetu ditu bere aurreko bi parte-hartze olinpikoak. Eskiatloian 49. izan zen Sotxin eta 46. Pyeongchangen eta 21. amaitu du Beijingen. 15 kilometroko proban 50. izan zen Sotxin eta 58. Pyeongchangen eta oraingoan 39. amaitu du Txinako hitzorduan. Azkenik, haize-bolada bortitzen ondorioz 30 kilometrora moztutako 50 kilometroko proba gogorrean, 21. tokian amaitu zuen, eta Sotxin eta Pyeongchangen, berriz, 33. izan zen.

Imanol Rojok azken bi urteetan izan duen progresioa ikusgarria izan da. Azken Munduko Txapelketan erakutsi zuen, Oberstdorfen, Top 20an birritan sartuta, eta parte-hartze olinpiko honetan berretsi du. Eskiatloiko 21. postua orain arte proba horretan Estatu mailan lortutako markarik onena da, eta 15 kilometrokoan 39. postuak Josep Girok Sarajevon 1984an lortutako 45. postua hobetzen du. Iraupen eskiko proba nagusian 21. postua errepikatu izanak tolosarrak bizi duen eta Joko hauetan erakutsi duen sasoi ona berresten du.

 “Joko hauen balorazio oso positiboa egiten dut. Nire postu guztiak distantzia guztietan hobetzea oso positiboa da, baina probaren batean postu hoberen bat egin nezakeela uste dut. Distantzia bakoitzean postuak hobetzen doazen bitartean, pozik egon behar dut. Beijingen ondoren, Munduko Kopako hiru asteburu geratzen dira orain, eta ahalik eta gehien ematen saiatuko gara” komentatu du Imanolek.