Artolazabalek BLZko talde psikosozialak eta legelariak jarri ditu Elizaren barruan abusuen biktimen eskura

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak abusuen biktima izan diren pertsona guztiak Biktimei Laguntza emateko Zerbitzura jotzera animatu ditu; “doako zerbitzua da, eta juristen eta psikologiako eta gizarte-lanetako profesionalen diziplina anitzeko taldeak ditu”.

Radio Popularren Koldo Campok eginiko elkarrizketa batean, sailburuak eliza katolikoaren barruan eginiko eta hamarkada batzuk geroago azaleratzen ari diren abusuen kasuak aipatu ditu. “Biktima izan direnek jakin behar dute zerbitzu hau dagoela, Biktimei Laguntza emateko Zerbitzua, eta, bertan, prozesuan entzungo dituzten eta arreta, orientazioa eta laguntza emango dizkieten profesionalak daudela, baita salaketa bat jarri aurretik ere”. Horretarako, biktimak zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, bulegoetara joan daitezke; bulegoak EAEko hiru hiriburuetako epaitegietan eta Barakaldon daude. Dena den, komeni da aurretik hitzordua eskatzeko telefonoz deitzea honako telefono-zenbaki hauetara:

  • Bizkaia: 900 40 00 28
  • Araba: 900 18 04 14
  • Gipuzkoa: 900 100 928

Sailburuak Euskadiko elizaren beraren lana ere nabarmendu du: “biktimen alboan egon behar dute, eta babesa eta laguntza eman behar den guztian”; izan ere, zenbait organo sortu dira Euskadiko elizbarrutietan salatzaileak bideratu eta haiei arreta emateko. “Euskadiko eliza katolikoak jarrera arduratsua eta oso proaktiboa hartu du». “Uste dut, nolanahi ere, ez direla denak zaku berean sartu behar”, eta “Euskadiko elizak, lehen eta orain, kolektibo ahulenen alde eta haur kalteberenen alde egiten duen lana” nabarmendu du.

Estatu-mailan ikerketa-batzorde bat sortu izanari buruz zer iritzi duen galdetu diotenean esan duenez, Kongresuak eliza katolikoaren barruan abusuen ikerketa-batzorde bat sortzea onartzen badu, exijituko dute “lanetan haurren arretan eskumen esklusiboak dituzten autonomia-erkidegoak sartzeko, EAE, kasurako». Eta nabarmendu du bere ustez beharrezkoa dela “biktimek egiarako eta kaltearen aitorpen publikorako eskubidea baliatu ahal izateko erakundeen babesa izatea”.

Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza haurretan gertatzen diren eskubide-urraketei arreta ematen. “Zoritxarrez, ume eta nerabeen aurkako indarkeria eta abusu gehien eragiten dituen eremua familia bera da”, esan du. “Gure sailean, zenbait lan-ildo ditugu abusuen eta beste indarkeria batzuen biktima diren umeei arreta emateko”. “Ildo horretan, laster, sexu-abusuen biktima diren adingabeei arreta emateko programa pilotua jarriko dugu abian. Barnahus eredua Vitoria-Gasteizen hasiko da, eta arreta integrala eskainiko dio biktimari espazio berean, atseginagoan eta seguruagoan. Bestalde, datozen asteotan, haurrenganako indarkeriaren aurkako EAEko estrategia aurkeztuko dugu, eta, dagoeneko, ari gara haurren defentsarako legearen EAEko aurreproiektua izapidetzen”.

Elkartasuna Ukrainako herritarrekin

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Ukrainako egoera ere aipatu du; “biktima zibil errugabeen irudi beldurgarriak iristen ari dira handik”. «Erabateko gaitzespena eta elkartasuna adierazi nahi diet biktimei”.

Sailburuak iragarri duenez, erakundearteko mahai bat deitu du, dagoeneko, eta, hartan, gizarte-erakundeak izango dira, hiru aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen kolektiboarekin lanean ari diren erakundeekin batera, “ahalik eta erantzun solidarioena, gizatiarrena eta onena antolatzeko elkarrekin”. Modu berean, Eusko Jaurlaritza, dagoeneko, Txernobyleko umeen harrera sustatzen duten erakundeekin jarri da harremanetan, haien egoera ezagutzeko eta elkarlana eskaintzeko.

“Eskaini dizkiogu, dagoeneko, eskumena duen ministerioari gure baliabideak, eta ukrainarren exodoarekin elkartasuneko herritarren sarea sustatzeko lan egingo dugu. Lehenengo eta behin, gaitu ditzakegun premiazko baliabideak balioetsi behar dira, eta, horretarako, erakunde eta entitateekin koordinatuko gara”.