Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die Gerra Zibilean eta frankismoan trenbideko bortxazko lanen biktima izan zirenei

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die Bermeon, Gerra Zibilean eta frankismoan esklabo gisa erabili zituzten bortxazko lanen biktimei. Gaur, isilean gordetako gure historia hurbileko orrialde batean jarri da arreta, ezagutzera eman baita 1937az geroztik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso arruntak erabili zituztela herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko, edo errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko. Horien artean daude destakamentu penalak, lehenik Gernikakoak eta gero Bermeokoak. Foru-hirian hondakinak kentzen eta berriz eraikitzen parte hartu zuten, baita geltokia eta trenbidearen zati bat berreraikitzen eta trenbide-linea Sukarrietatik itsas hiriraino zabaltzen ere.

Historiako pasarte hori jasota gera dadin, Euskal Herriko Profesionalen eta Ikasleen Kriminologia Elkarteak (APECPV-EHPIKE) eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak argazki-erakusketa bat antolatu dute Bermeoko Arrantzaleen Kofradia zaharrean, baita hitzaldi ziklo bat ere. Erakusketa apirilaren 3ra arte egongo da zabalik. Gernika, Itsasbegi (Sukarrieta), Mundaka eta Bermeoko tren-geltokietan ere erakusketa-materialaren zati bat hartuko duten panelak jarriko dira, gure iraganaren zati hori kalera ateratzeko. Material hori guztia argitalpen batean jasotzen da. Argitalpen horretan zenbait erakundek hartu dute parte, beren porrota frankismoarentzat esklabo gisa lan eginez pairatu zuten gizon batzuei kendutako duintasuna erreibindikatzeko asmoz.

Erakusketa ofizialki ireki aurretik, preso horien senideei zuzendutako aitormen-ekitaldia egin da Bermeoko Kasinoan. Ekitaldi horretan parte hartu dute, besteak beste, lehendakari Iñigo Urkulluk, Espainiako Gobernuko Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministro Félix Bolañosek, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Omenaldian oroitzapenezko trenbide zati bat eman zaie presoen senideei, eta Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta APECPV-EHPIKEko lehendakariorde Diego Leonetek ere hartu dute hitza. Presentzia instituzionalaren garrantzia azpimarratu du, “ondorengoei esateko beren senideei egin zietena bidegabea izan zela, inork ez zituela merezi jasan zituzten tratu gizagabe eta laidogarriak. Eta, halaber, gizarte zibilak jakin dezan zer gertatu zen eta zergatik”. Ekitaldian dozena bat zigorturen senitartekoek parte hartu dute, orain arte identifikatutako laurogei baino gehiagotatik. Oroitzapenezko plaka bat izango da Bermeoko eta Gernikako tren-geltokietan, haien guztien omenez.

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Busturialdeko eskualdean, Bizkaian, Espainiako Errepublikaren alde borrokatu ziren edo, besterik gabe, hari atxikiak ziren gizon asko, preso arruntez gain, gerrak eragindako ondorioak berreraikitzen lan egitera behartu zituen diktadurak.

Bonbardaketaren ondoren Gernika eta bere trenbidea berreraikitzea eta Sukarrieta eta Bermeo arteko linea zabaltzea izan ziren haien lanaren parte. Baldintza negargarrietan lan egin zuten han, eta, gainera, erbesteratze- eta deserrotze-zigorrak jasan zituzten, preso gehienak Extremaduratik edo Andaluziatik ekartzen baitzituzten, besteak beste. 1944. urteaz geroztik, ehundik gora “libertok” ere lan egin zuten obretan; hala deitzen zieten indultua jaso zuten edo zigorra beteta zuten presoei. Preso horietako asko, diktadurak beren jaioterrietatik erbesteratuak, eskualdean bizitzen geratu ziren.

Trenbidea 1955ean inauguratu eta bete-betean funtzionatzen ari zen arren, gizonek lan osagarriak egiten jarraitu behar izan zuten, behin betiko amaituta utzi arte. Obrak errematatu ondoren, Bermeoko destakamentu penala 1958an desegin zuten eta bertan zeuden 30 presoak Madril eta Murtziako beste zentro batzuetara eraman zituzten.

Sailburu Arriolak azaldu du gaur egun trenbide-linea horrek eskualdeko biztanleei zerbitzu ematen jarraitzen duela. “Gizon haien lanak —adierazi du— bizirik dirau, nahiz eta erabiltzaile askok ez dakiten etxera, lanera edo aisiaz gozatzera eramaten dituzten trenbideko errailen historia zein den, zer inguruabarretan eraiki ziren eta nor izan ziren protagonistak. Gaur kontakizun hori ezagutzera eman nahi izan dugu, eta zor historikoa kitatu haiekin eta haien familiekin”.