Neskei euren gorputz eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabeko etorkizun bat eskaintzea eskatzen du martxoak 8ko kanpainak

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute martxoaren 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguneko, kanpaina. Aurten, kanpainaren gaia da neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioa: gorputzen nahitaezko “perfekzioa”, ezarritako edertasun-kanon zorrotza, hipersexualizazioa eta haien gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoa.

Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta, Berdintasunerako sailburuak azaldu duenez, helburua da gizarteari erakustea garaiz gaudela emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe bizi daitezen, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza. Artolazabalek adierazi du kanpaina ez dela salaketan geratu nahi, baizik eta itxaropen mezu bat zabaldu nahi duela: “Garaiz gaudela, datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko aukera dugula eta eskaini egin behar diegula”.

Kanpainaren goiburu nagusia galdera bat da, neskatoek berek egiten dutena gorputz “perfektu” eta hipersexualizatuen irudien bonbardaketaren aurrean. Egunero jasotzen dituzten horrelako irudiak  sare sozialen, bideojoko askoren, komunikabide eta modaren sektore batzuen aldetik. Hauen aurrean, neskek galdetzen dute: Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena? Eta leloa honako mezu honekin amaitzen da: «Garaiz gaude neskatoei beste etorkizun bat eskaintzeko, haien gorputz eta itxuraren gaineko presiorik gabe».

Artolazabalek esan duenez, “hurrengo belaunaldiak berdintasunaren belaunaldiak izatea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dugun helburu nagusia”. Hain zuzen ere, horren adibide da Generation Equality nazioarteko ekimena, Berdintasun sailak Emakunderen bidez sustatzen duena.

Artolazabalek gogorarazi du emakumeek euren gorputz eta itxura fisikoaren inguruan jasaten duten presioak haien bizitzak eta askatasuna mugatzen dituela, eta ez dela gauza berria, baina presio honen eragina areagotu egin dela azkenaldian sare sozialen bidez eta emakumeen gorputzen gero eta esplotazio mediatiko handiagoaren bidez. Neskatoen sexualizazioaren fenomenoaz ere ohartarazi du, itxura fisikoaren inperioaren testuinguruan. Kanpainak gizarteari dei egiten dio, eta, aldi berean, mezu bat bidaltzen die neska gazteei, ahalduntzearen bidez jabe daitezen gizaki bakar gisa duten balioaz, itxura fisikoaz harago.

Bestalde, Emakundeko zuzendariak nabarmendu du emakumeen kosifikazioak eta sexualizazioak berdintasun eza eragiten dutela, “emakumeak gizaki bezala ikustetik urruntzen gaituelako, pertsona bezala haiekiko enpatia murrizten duelako, baita haien balioa ere”, eta honek haien aurkako indarkeria gertatzeko bidea ematen duelako. Ildo horretan, azaldu du saihestu behar dela emakume eta neskatoak gorputz hutsetara murriztea. Era berean, gogoratu du jasaten duten presioak ondorio kaltegarriak dituela nesken osasun eta gorputzetan, anorexia edo elikaduraren inguruko gaixotasunak eragiten dituelako askotan.

Kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta spot bat ditu, eta martxoaren 1etik 15era bitartean egingo da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali zaizkie erakundeei, ikastetxeei, osasun-zentroei, elkarteei, enpresei, kultura-etxeei eta liburutegiei, etab.