Bizkaiak Ukrainako gerra gelditzeko eskatu dio Putini

0

Bizkaiak Ukrainako gerra gelditzeko eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari. Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzean lurraldeko erakundeetako ordezkariak eta herritarrak bildu dira, mezu komun batekin: indarkeriari ezetz esatea.

Elkarretaratze isila Unai Rementeriaren, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren, hitzekin amaitu da: «Indarkeriarekin asko sufritu duen herria gara. Gernikak biztanleria zibilaren aurkako lehen bonbardaketa jasan zuen. Indarkeria terroristako hamarkadak jasan genituen. Hainbeste sufrimendutik ikasi dugu indarkeria ez dela inoiz bidea. Indarkeriak mina eta suntsipena baino ez dakar. Indarkeriak ez dio inori ezer onik ekartzen. Ez hemen, ez Ukrainan. Gaur Bizkaiaren izenean gerrari ez esan nahi diogu. Indarkeriari ez. Eta bakeari bai.

Rementeriak Bizkaiko elkartasun guztia helarazi nahi izan dio Ukrainako herriari eta ekintza militarraren amaiera eskatu du. «Kontra gaudela adierazi eta protesta egin besterik ezin dugu egin. Bakearen aldeko keinu hau egin. Eta isilean Putini gerra gelditzeko eskatu. Bakea itzul dadila. Eta pertsona horiek guztiak lehenbailehen etxera itzuli ahal izatea. Badakit keinu bat baino ez dela, baina Bizkaia ukrainar herriarekin dago. Gure elkartasun guztia gerraren izugarrikeria bizitzen ari diren gizon-emakume horiei guztientzat. Eta gure gaitzespen eta mespretxu guztia Putinentzat».