Eusko Jaurlaritza martxan jarri ditu babes bila dabiltzan pertsonei harrera egiteko baliabideak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Ukrainako gerraren inguruan, Gobernuak gerrak eragiten dituen ondorioei aurre egiteko egiten ari den jarduera aztertu du, eta, Lehendakariak joan den larunbatean aurreratu zuen bezala, Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Euskadik martxan jarri dituela gatazka honen ondorioz sortu den larrialdiari erantzuteko dituen baliabideak baita babes bila dabiltzan pertsonei harrera egiteko baliabideak ere.

Bozeramaileak azaldu duenez, lehenik eta behin, Kanpo Arazoetako Ministerioarekin etengabeko harremanetan daude gerrak harrapatu dituen euskaldunen edo Ukrainakoak izan arren Euskadin bizi diren pertsonen bilakaera jarraitzeko. Bestalde, Ukrainan eta Errusian dauden Erasmuseko doktoratu eta ikasleen eta Ikerbasquen dauden ikertzaile ukrainarren jarraipena egiten ari dira, kasu bakoitzean har daitezkeen neurriak aztertzeko.

Kezka humanitario horren inguruan, Bingen Zupiriak jakitera eman du Jaurlaritzak premiazko bilera batera deitu dituela gaur aldundiak, hiriburuetako udalak eta asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen kolektiboak, elkarrekin ahalik eta erantzun solidario, gizatiar eta hoberenak emateko.

Gainera, duela gutxi, bi kontseilarik (Beatriz Artolazabal eta Gotzone Sagarduy) gutun bana bidali dietela jaunarazi du Espainiako Gobernuan dituzten homologoei, eta haien esanetara jarri dira harrera gisa edo osasun-laguntza bidez, arreta mediko urgentea behar duten pazienteak artatzeko.

Ekonomiari dagokionez, Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du, Ukrainarekin eta, bereziki, Errusiarekin merkataritza-harremanak daudela kontuan hartuta (25 euskal enpresa daude bertan), Ekonomiaren Garapen Saila harreman estuan dagoela gatazka horrek eragindako enpresekin. Eta, adierazi du ostiralean bilera bat izango da euskal klusterrekin, Ukrainaren inbasioak bere enpresa-ingurunean izan ditzakeen ondorioak aztertzeko.

SEXU ERASOAK

Gobernu Batzordean hartutako erabakien berri eman baino lehen, Zupiria bozeramaileak adierazpen bat irakurri su Jaurlaritzaren izenean azken egunotan gertatu diren sexu erasoak direla eta.

Horrela, adierazi du gizarte honek ezin ditu naturaltasunez hartu Barakaldon eta Tolosan gertatu diren kasuak bezalakoak. “Gizarte sano batek ezin du normaltzat jo emakumeek edozein unetan, edozein espaziotan eta edozein ordutan erasotuak izateko etengabeko beldurrarekin bizi behar izatea. Bere eskubide indibidualen eta askatasunaren aurka egiten du etengabeko alarmapean mugitu behar izate horrek”, esan du.

Gainera, azpimarratu du Gobernu honek benetan sinesten duela etorkizuna berdintasunean eraiki beharra dagoela eta horren aldeko apustua eginez bere etorkizuna eraikitzen duen gizarte batek eskura dituen mekanismo guztiak indartu behar dituela adierazi du horrelako gertakarien oinarrian dauden portaera eta jarrera guzti-guztiak desagerrarazteko. “Behin eta berriro salatuko dugu. Ez gara nekatuko. Denok, gizon zein emakume, interpelatuta gaude berriro horrelakorik gerta ez dadin”, gaineratu du.

BIZITZEKO GUTXIENEKO DIRU-SARRERA (IMV)

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik BGDren transferentziari buruz hitz egin du, eta azaldu du transferentzia gauzatzean Eusko Jaurlaritza arduratuko dela Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera izapidetzeaz, aitortzeaz eta ordaintzeaz, eta amaitu egingo duela orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan prestazio horren kudeaketa gauzatzen zuen kudeaketa-gomendioa. “BGDren transferentziak garrantzi kualitatibo nabarmena du, agerian uzten duelako ezer ez dela ukiezina eta gizarte-babesean kudeaketa integralerako espazio partekatuak daudela, ezer hautsi gabe eta gizarte-arreta hobeto kudeatzeko”, azpimarratu du. Herritarrei begira, Garamendi sailburuak esan du egoera berriaren ondorioz Euskadin laguntza publikoaren tramitazioa eta ordainketa bide beretik egongo direla, Lanbiden.

Amaitzeko, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi du bi gobernuak beren agendak begiratzen ari direla akordioa ofizial egingo duen Transferentzien Batzorde Mistoaren data ezartzeko. «Ahal bezain laster bilera hau egiteko ideiarekin ari gara lanean», adierazi du. Hala ere, gogorarazi du transferentzien katalogoa ez dela BGDrekin amaitzen, baizik eta oraindik egiteke dauden transferentzien inbentario bat dagoela, eta Jaurlaritzak konpromiso sendoa duela horrekin. “Une honetan, gure alegazioak bidali dizkiogu Espainiako Gobernuak trenbide-garraioaren eskualdatzeari buruz egindako proposamenari. Transferentzia horrek eragin zuzena du herritarren egunerokoan, trenbidez bidaiariak garraiatzeko hainbat zerbitzuri eragiten baitie”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du gaurko Gobernu Kontseiluaren  bileran Lehendakariak Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera-plana aurkeztu duela, Euskadiko lehentasunezko jarduera-eremu gisa. Airaldea eskualdeak Artziniega, Okondo, Arrankudiaga, Arakaldo, Urduña, Laudio, Aiara, Orozko eta Amurrio udalerriak hartzen ditu. Horrela,  Jaurlaritzak 24 milioi euro jarriko ditu eskualdean ekonomia eta gizartea suspertzeko zortzi proiektu eragile abian jartzeko.

Lan eta Enplegu sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Enplegurako Berrikuntza Zentroen sarerako giza baliabideen zuzkidura onartu du gaur. Hamar lanpostu izango dira eta Europar Batasuneko MRR funtsen kargura finantzatuko dira eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu.

Gainera, Ekonomia eta Ogasun sailak 2022rako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoari oniritzia eman dio gaur Gobernu Kontseiluan. Plan horren ardatz nagusiak dira borondatezko gizarte-aurreikuspena eta berdintasun-planak sustatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailari dagokionez, alde batetik, gaurko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Bizkaiko Foru Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sisteman Integratzeko hitzarmenari. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak beste liburutegi-erakunde batzuekin lankidetzan jardungo du, bere funts bibliografikoa Bilgunean sartuz, hau da, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Euskadiko liburutegien katalogo kolektiboan.

Eta, bestetik, Gobernu Kontseiluak onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 1.380.000 euro emango ditu arte eszenikoak ekoizteko dirulaguntzetan. Eusko Jaurlaritzaren helburua produkzio eszenikoa ahalbideratzen duten prozesu desberdinak finantzatzea da. Euskal konpainien sorkuntza-lana bultzatu nahi da.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du; baita, Osakidetzako arretaren egoeraren berri ere. Gainera,  gaur, Osakidetzak bere web-orrialdearen bidez osasun-zentroan aurrez aurreko hitzordua hartzeko aukera berritu duela iragarri du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena