Osakidetzak bere web-orrialdearen bidez osasun-zentroan aurrez aurreko hitzordua hartzeko aukera berritu du

0

Aurretiko web hitzorduaren” bidez Osakidetzak herritarrak dituzten beharren arabera profesional egokienera (Familia- medikuntza, Erizaintza, Pediatria…) bideratuko dira 

Osakidetza, asteon, tresna berri hori zabaltzen hasiko da, Web bidezko aurretiko hitzordua; haren bidez, herritarrek beren osasun-zentroan azkarrago hartu ahalko dute hitzordua, Osakidetzaren web-orrialdearen bidez, haien beharrei ondoen erantzun diezaiekeen profesionalarekin. Tresna horren bidez, berriro egongo da aukera, beharrezkoa izanez gero, webaren bidez aurrez aurreko hitzordua hartzeko; aukera hori, pandemiak iraun bitartean, osasun-zentrora deituz gero baino ez zen egon erabilgarri. Hala erabaki zen, aurrez aurreko kontsultak behar-beharrezko kasuetara baino ez murrizteko eta, hala, itxaron-geletan jendetza ez batzeko eta, ondorioz, Covid-19aren kutsadurak ekiditeko.

Hala ere, bai Osakidetzak bai Osasun Sailak, pandemiaren bilakaera ona ikusita, urratsak ematen jarraitu nahi dute, normaltasunera bueltatzeko eta herritarrek Lehen Mailako Arretara errazago jotzeko, hura baita Osakidetzara sartzeko atea. Hala azaldu du, gaur, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan.

Web bidezko hitzordu berria pixkanaka zabalduko da hiru lurraldeetan, eta Araban hasiko da, aste honetan bertan. Gero, Bizkaian, eta, azkenik, Gipuzkoan. Hala, bada, martxoaren amaierarako, tresna edozein euskal herritarrentzat egongo da erabilgarri.

Gaur egun arte ‘Aurretiko hitzordu’ izenez ezagutzen zen aplikazioaren eguneratzea izango da; haren bidez, osasungintzako profesionalarekin telefono bidezko hitzordurako bide emateaz gainera, txertaketarako pandemia-sasoian tresna baliagarria izan da. Tresna hobetu egin da eta, hala, herritarra profesional egokienera bideratzen du, haren beharra zein den kontuan hartuta: administrazio-izapide bat egitea (datu pertsonalak aldatzea, Osasun Karpetara sarbidea eskatzea…) edo osasun-arrazoi bat (gaixotasuna, zauri bat osatzea, zalantza bat argitzea…). Beharraren arabera, Familia Medikuntzako, Pediatriako, Erizaintzako edo Administrazioko langileekin esleituko zaizu hitzordua.

Gainera, web bidezko hitzorduaren aurrerapen nagusietako bat da aukera ematen duela aurrez aurreko kontsulta eskatzeko, eta ez soilik telefono bidezkoa, pandemia-sasoian gertatu den bezala. Hori horrela, gogorarazi behar da kontsultak berriro aurrez aurre egiten joan direla azken asteotan. Une hauetan, hitzorduen erdia baino gehiago aurrez aurre egiten dira.