Seed Capitalek 5,3 milioi euroko inbertsioa egin du 2021ean Bizkaiko enpresa-proiektuetan

0

Seed Capital Bizkaiak bere funtsen eta mikrokredituen programen bidez 225 proiektu eta enpresa lagundu zituen iaz, 5.322.200 euroko inbertsioarekin. Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, eta Oscar Ugartek,  foru sozietateko zuzendari kudeatzaileak, foru sozietatearen jardueraren balantzea egin dute eta Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntza eta ekintzailetza aurreratuaren ekosistema, baita finantza iraunkorrak eta eragin sozialeko inbertsioa ere, indartzen jarraitzeko programa eta aliantza berriak iragarri dituzte. «Aurten, 2022an, gure ustea ez da berriz ere inbertsio-markak haustea. Baina hazten jarraitu nahi dugu enpresa gehiagori hazten laguntzeko, ekintzaile gehiagori laguntzeko eta finantza etiko eta iraunkorren Europako abangoardian jarraitzeko. Eta baita gizartean eragina duten inbertsioen abangoardian ere».  ziurtatu du Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Hala, Seed Capitalen programei 2022 honetan enpresak sortzeko eta mikroenpresa industrialei ekarpenak egiteko berariaz diseinatutako bi funts berri gehitu zaizkie:

  • BAF Funtsa. Biscay Anchor Fund. Arrisku kapitaleko erakundeentzako, inbertsio kolektiboko erakundeentzako, inbertsio alternatiboko funtsentzako eta enpresak sortzea bultzatzen duten erakundeentzako funtsa. Inbertsioaren hartzaileak jasotako ekarpenaren zenbateko baliokidea inbertitu beharko du hazkunde- eta hedapen-fasean dauden Bizkaiko sozietateetan.
  • Industria-sektoreko mikroenpresentzako, lotutako zerbitzuentzako eta zerbitzu aurreratuentzako programa berria. 25.000 euroraino eskaintzen ditu, % 2,5eko interesarekin, eta gastu eta komisiorik gabe, ekoizpen- eta antolamendu-jarduera komertzialarekin lotutako inbertsioak eta gastuak ordaintzeko (ez zorra birfinantzatzeko eta pasiboa berregituratzeko).

Berrikuntzak gizarte-inpaktuaren eremuan

  • MicroEurope. Europan mikrofinantzen arloan erreferente diren 8 profesionalek eta aingura-inbertitzaile diren 3 erakundek (Phitrust frantziarra, Banca Popolare Etica italiarra eta Seed Capital Bizkaia) bultzatutako proiektua. Egoitza soziala Bilbon izango du, eta bertatik Seed Capital Bizkaia arduratuko da idazkaritza teknikoaz.

MicroEuropek inbertitzaile sozialei mikrofinantzak lantzeko modu berri bat eskaini nahi die, ikuspegi sozial batetik, pertsonengan zentratuta eta bokazio inklusibo argiarekin. Egoitza soziala Bilbon izango du, eta bertatik Seed Capital Bizkaia arduratuko da idazkaritza teknikoaz.

  • Banka Etikoaren eta Alternatiboaren Europako Federazioa (BEAEF). 2021eko irailetik Seed Capital Bizkaia Banka Etikoaren eta Alternatiboaren Europako Federazioko kide da.

BEAEFk finantza etikoen printzipioak garatzen eta sustatzen saiatzen diren Europako 15 herrialde baino gehiagotako 30 finantza-erakunde inguru biltzen ditu. 700.000 pertsona eta gizarte-erakunde baino gehiagori finantza-zerbitzuak ematen dizkie, eta 30.000 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu aktibotan.

  • Gizarte Ekintzailetza eta Berrikuntzarako Funtsa, GEBF, handitzea. 2014an sortu zen Arrisku Kapitaleko Funtsa, gizarte mailan berritzaileak diren enpresa-ekimenak sustatzeko eta sendotzeko. Bizkaia izan da horrelako funts bat sortu duen lehen administrazio publikoa. 2021ean funtsa handitu egin da, esparru horretan erreferenteak diren 3 bazkide berrien sarrerarekin: Fiare Banca Ética, Anesvad Fundazioa eta San Prudencio Lan- Fundazioa.