Aldundiak Bizkaiko lehen sektoreko produktuen kalitatea aintzatetsi du eta Gustokon tokiko produktuak kontsumitzera animatzen du

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendariak,  Arantza Atutxak, gure lurraldeko lehen sektoreko produktuen kalitatea aintzatetsi eta goretsi du eta, abantailak  eta alde onak asko izateagatik, bertako produktuak kontsumitzeko deia egin du martxoaren 4tik 6ra BECen egiten den Gustoko azokaren aurkezpenean. Ekitaldi hau erreferentziazko azoka da elikagaietan eta gastronomian eta tokiko ekoizpenaren eta biodibertsitatearen defentsaren aldeko apustua egiten du, ingurune jasangarriagoa mantenduz eta parte hartzen duten ekoizleen jatorrizko eskualdeetako kultura-, paisaia- eta ingurumen-ondarea errespetatuz.

«Merkaturatze-zirkuitu laburrek izugarri laguntzen dute gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunean. Elikagaien galera eta alferrik galtzea murrizten da eta landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko loturak indartzen laguntzen dute. Horren guztiaren ondorioz lurralde-garapen inklusiboa lortzen da, bai eta klima-aldaketa arintzeko ekarpen garrantzitsua egin ere. Gainera, tokiko produktuaren kontsumoak aukera ematen du praktika eta ezagutza tradizionalak eta nekazaritzako biodibertsitatea babesteko, eta, horrela, lurralde-garapenerako tresna garrantzitsua da» adierazi du Atutxak aurkezpenean. Aurkezpen horretan, halaber, Xabier Basañez, BECeko zuzendari nagusia, Raúl Pérez, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria eta Arrate Tellaetxe, BECeko Elikadura, Aisia eta Bestelako Sektoreetako zuzendaria, egon dira.

Nekazaritzako zuzendariak lehen sektore indartsua mantentzearen beharra ere azpimarratu du, eta horretarako Gustoko aprobetxatzera animatu du «Azokan parte hartzen duten gure lurraldeko 43 ekoizleekin harremanetan jartzeko, euren produktuak ezagutzeko eta orain eta etorkizunean erosteko. Horrek dituen abantaila guztiengatik, baina, batez ere, Bizkaiko produktuen kalitatea elikadura onaren bermea delako».