Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak urtarrilaren 18an onartu zituen 2022ko deialdi bakarreko dirulaguntzen oinarriak, eta otsailaren 7ko GAO-n argitaratu zuen irabazi asmorik gabeko entitateentzat deialdia.
Berdintasun arloko deialdiaren helburua da emakume-elkarteei eta elkarte mistoei zuzendutako dirulaguntzak arautzea, proiektuak edo ekintzak egin ditzaten gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko, edota emakumeen elkartegintza eta parte hartzea sustatzeko udalerriko bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaren esparru guztietan.
Honakoak dira dirulaguntza jaso ahal izango duten elkarteak:
- Irabazi asmorik gabeko emakume-elkarteak, ekainaren 22ko 7/2007 Elkarteei buruzko Euskadiko Legearen aplikazio-eremuaren barruan daudenak.
- Elkarte mistoak, baldin eta emakumeen idazkaritza badute, edo ordezkaritza edo funtzionamendu autonomoko beste edozein organo, eta horren helburua baldin bada elkarteen mugimendu mistoan emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzea eta proiektuak edo ekintzak egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko hainbat alorretan: auzoan, kulturan, kiroletan, hezkuntzan, gizartean eta abarretan.
- Elkarte mistoak emakumeen idazkaritza ez baldin badute, edo berdintasunera bideraturiko ordezkaritza edo funtzionamendu autonomoko beste edozein organo ez baldin badituzte. Hala ere, elkartearen helburuetako bat elkarteen mugimendu mistoan emakumeen parte-hartze aktiboa sustatzea eta proiektuak edo ekintzak egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko hainbat alorretan baldin bada: auzoan, kulturan, kiroletan, hezkuntzan, gizartean eta abarretan.
Dirulaguntzen inguruko informazio guztia eta eskaerak egiteko estekak Donostiako Udalaren web orrian daude jasota. Eskaerak online izapidetu beharko dira, Udalaren webguneko Bulego Birtualaren bidez.