Eusko Jaurlaritzak Matxitxako lurmuturreko gudaren 85. urteurreneko ekitaldietan parte hartu du

0

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Aintzane Ezenarro Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria eta Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea izan dira Portugaleteko Udalak Matxitxakoko Guduaren 85. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldi instituzionalean.

Bertan izan dira Juan Azkarate, guda hartatik bizirik dirauen azkena; Miren de Egia, Euzko Itsas Gudarostearen buru izan zen Joaquin de Egiaren alaba; eta gudan parte hartu zuten marinelen senitartekoak ere.

Omenaldian Euzko Itsas Gudarostearen oroimenez jarritako plaka desestali dute. Plaka garai batean gudarostearen egoitza izan zen eta gaur egun Portugaleteko hotela dagoen lekuan jarri dute. Gero, Aintzane Ezenarrok hartu du hitza Solar Plazan “Matxitxako, Euzko Itsas Gudarosteari buruzko oharrak” dokumentala laburbiltzen duen bideo bat aurkezteko, proiektua sustatu duen Oihane Pardorekin eta Jesús Lacorte zuzendariarekin batera. Bere hitzaldian, Ezenarrok esan du “memoriak guztioi lagundu behar digula, baina batez ere gerra eta indarkeria ezagutu ez duten belaunaldi gazteenei, demokrazia galtzen denean galera norainokoa den ulertzen”.

Horregatik, eta gerraren krudelkeriaren aurrean, bakearekin eta bizikidetzarekin konprometitzeko deia egin du: “Memoria demokratikoa berreskuratzea hainbat eta hainbat pertsonak bidegabeki jasandako sufrimendua gogoratzea da. Baina, batez ere, egoera txarrenetan ere bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeko eta defendatzeko ahalegina gogoratzea da. Gertaera hau, zalantzarik gabe, eredu horietako bat da”, adierazi du 1937ko martxoaren 5eko Matxitxako lurmuturreko batailari erreferentzia eginez.

MATXITXAKOKO GUDUA

Euzko Itsas Gudarostearen ekintzarik gogoangarriena Matxitxakoko Gudua izan zen, Kantauri Itsasoan gertatutako Gerra Zibileko itsas borroka garrantzitsuena. 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, eta aurrez aurre jarri zituen Eusko Jaurlaritzaren eta bando frankistaren gerrako itsas armadak.

Galdames merkataritza-ontzia Baionatik Bilbora zihoan, Euzkadiko (Euzko Itsas Gudarostea) 4 arrantza-ontzi txiki armatuk lagunduta: Bizkayak, Gipuzkoak, Donostiak eta Nabarrak. Martxoaren 5eko goizaldean, eguraldi txarra zela bide, Gipuzkoak eta Bizkayak kontaktua galdu zuten konboiarekin. Haren bilaketan zehar, itsas armada frankistako ontzi indartsuenarekin topatu ziren, Canarias gurutzaontziarekin. Ondorioz, bi borroka gogorretako lehenengoa gertatu zen, eta Gipuzkoako bost tripulatzaile hil ziren. Gero, bakoitzak bere aldetik, zenbait arazorekin eta kalte material handiekin, bi ontziek Portugaleteko eta Bermeoko kaietara iristea lortu zuten.

Bitartean, 173 bidaiari zeramatzan Galdames merkataritza-ontziak Nabarrak eta Donostiak soilik lagunduta jarraitzen zuen bere zeharkaldia. Matxitxako Lurmuturrera iritsi zirenean, Canarias ontziak ustekabean harrapatu zituen, eta eguneko bigarren borroka gogorra izan zuten, ordu eta erdi baino gehiago iraun zuena.

Canarias askoz handiagoa zen tamainan, eta nagusi ahalmenean eta armamentuan. Lehenbizi Galdames harrapatu zuen, eta emakume bat eta hiru haur hil zituen. Amore eman zuen eta preso hartu zuten. Gero, Donostiari eraso zion, baina ez zen sortu bajarik edo kalterik. Azkenik, Canarias ontziak Nabarraren galdarak lehertu zituen eta haren zorigaiztoko hondoratzea eragin zuen.

Nabarrako 27 gudari hil ziren itsas guduan zehar. Beste 20 tripulatzaile salbamendu-txalupetan ontziratu ziren eta bando frankistak preso hartu zituen. Enrique Moreno komandanteak eta Ambrosio Sarasola lehen ofizialak, berriz, Nabarra arrantza-ontzian geratzea erabaki zuten, eta itota hiltzea preso erori baino lehen.

Bizirik irten ziren Nabarrako 20 marinelak epaimahai militar batek epaitu zituen eta heriotza-zigorra jaso zuten “matxinadan laguntzeagatik”. Haatik, Canarias ontziko komandanteak eta tiro-zuzendariak haien alde egin zuten Francoren aurrean, 20 marinel horiek indultatuta geratzea lortu arte, borroka gogorrean erakutsitako adorea aitortzeko.

Hilabete gutxiren buruan, 1938ko azaroaren 30ean, 20ak libre geratu ziren.