Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean ostalaritza eta gaueko aisiarako laguntzen programaren emaitzen berri emateko. 22 milioi euroko zuzkidura du programa horrek, eta, hilaren 28an deialdia itxi ondoren, 7.741 eskaera jaso ditu.
Horietatik, gehienak 1:00ean ixteko ordutegia duten II. taldeko establezimenduenak dira, 6.636 eskaera guztira. III. taldeko establezimenduen (pubak eta taberna bereziak, 2:30etan ixten dutenak) eskaerei dagokienez, 659 eskaera aurkeztu dira; eta gainerakoak, 146 eskaera, IV. taldekoak, 4:30ean ixten diren dantza- eta dibertimendu-establezimenduenak dira. 22 milioi euroko EAEko ostalaritzarako eta gaueko aisiarako laguntza berriek 2.000 eta 70.000 euro artean banatuko dituzte EAEko 7.400 ostalaritza-establezimendu baino gehiagoren artean.
Laguntzen aurrekontuaren zati nagusia, 14 milioi euro ingurukoa, erregistratutako eskaeren kopurua kontuan hartuta, 1:00ean ixten duten II. taldeko establezimenduetara bideratuko da, eskari gehienak establezimendu horienak direlako. 5 milioi euro inguru 2:30ean ixten duten pub eta tabernetara bideratuko dira, eta, azkenik, 3 milioi euro 4:30era arte zabalik dauden IV. taldeko establezimenduentzat izango dira.
Javier Hurtado sailburuak nabarmendu duenez, 15 milioi euroko lehen Covid laguntzetatik, euskal ostalaritzarako 30 milioi euroko laguntzetatik, gaueko aisiarako 8 milioi euroko laguntza espezifikoetatik 22 milioi euroko ostalaritzarako eta gaueko aisiarako laguntzak arte, laguntza horien kudeaketak etengabeko hobekuntza-prozesua izan du. Pandemia kontrolatzeko neurriek sektorean eragindako kalteen aurretiazko analisiak establezimenduen zifra zenbatetsia eskaini zuen, eta kopuru hori ia % 100ean bat etorri da eskaeren behin betiko kopuruarekin eta bideratutako funtsekin.
Deialdiaren helburua laguntza zuzen eta bidezkoak diseinatzea eta kalitatezko enplegua defendatzea izan da. Horretarako, laguntzak tartetan banatu dira, establezimenduaren kategoriaren eta eragin-mailaren arabera, kaltetuenak gaueko aisiari lotutakoak direla kontuan hartuta. Gainera, enplegua mantentzera bideratu dira, eta, beraz, behin-behinekotasunaren aurrean enplegu egonkorra saritzen duen formula baten bidez kalkulatu da langile kopurua.
Orain arte, EAEko ostalaritza-sektoreak Eusko Jaurlaritzaren 120 milioi eurotik gorako zuzeneko laguntzak jaso ditu; kopuru hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako laguntzen eta Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuaren ondorioz emandako laguntzen (Ekonomia eta Ogasun Sailak bideratuak) baturatik ateratzen da, baita beste laguntza ez-espezifiko batzuetatik ere, hala nola Lanbideren laguntza-programetatik.