Euskadiko enpresek BIND 4.0 plataformako 65 kideekin bat egin dezakete, startup-ekin berrikuntza-proiektu berriak sortzeko

0
PRUEBA

Industria adimenduneko berrikuntza irekirako BIND 4.0 plataformak 7. deialdia ireki du, Euskadiko enpresek bat egin ahal izan dezaten plataformako kide diren 65 enpresa handiekin eta, horrela, haiek ere mundu osoko startup-ekin garatutako soluzio teknologikoak abian jartzearen onurak izan ditzaten. BIND 4.0ren helburua da euskal enpresen digitalizazioa, lehiakortasuna eta lidergoa bultzatzea, azken teknologiak txertatzeari esker, hala nola adimen artifiziala, Big Data, IoT, errealitate areagotua, robotika edo nanoteknologia.

Zehazki, BIND 4.0 plataformak ateak irekitzen dizkie industria adimendunaren, energia garbi eta jasangarriaren, elikaduraren eta osasunaren sektoreko enpresei, proiektu teknologiko berriak sor ditzaten, ekoizpen-prozesuak eta -denborak hobetzeko, pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza errazteko, energia efizientea eta jasangarria lortzeko, gailu medikoak digitalizatzeko, kalitate-kontrolak ikusmen artifizialaren bidez egiteko, edo ingurumen-inpaktua murritz dezakeen mugikortasun adimenduna lortzeko, besteak beste. Proiektu horiek startup-ekin elkarlanean sortzen dira, industria adimendun, efiziente eta jasangarriago baterako bidean aurrera egin dadin.

BIND 4.0 plataforma Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen bidez sortutako industria 4.0ko ekimen publiko-pribatua da, eta nazioartean erreferentziazko programa bihurtu da. Programa 2016. urtean hasi zenetik, 160 startup baino gehiago bizkortu dira eta 240 proiektu baino gehiago garatu dira, 7 milioi euroko fakturazioa gaindituz.

Gero eta konpainia handi gehiagok erabakitzen dute berrikuntza irekiko plataforma honekin bat egitea. Izatez, parte-hartzaileen kopurua urtez urte hazi da, 2016. urtean 16 parte-hartzaile izatetik azken ekitaldiko 65 parte-hartzaileetara. Enpresa horiek guztiek ezagutzen dituzte jada startup-ekin lankidetzan aritzeko ereduak dakartzan onurak. Izan ere, eredu horrek ekintzailetza- eta berrikuntza-erreferentzia bihurtu du BIND 4.0 plataforma nazioartean. Azken edizioan BIND 4.0 plataforman parte hartu duten konpainia handien artean daude Mercedes Benz, Petronor-Repsol, Iberdrola, ITP Aero, Arteche, Sidenor, CIE Automotive, Danobatgroup, Angulas Aguinaga edo Osakidetza.

 

BIND 4.0 plataformaren onurak kide diren enpresetarako edo trakzio-enpresetarako

 

BIND 4.0 plataformaren, eta berrikuntza irekiko haren ekosistema paregabearen, kideek zenbait arlotako askotariko onurak izaten dituzte. Onura nagusien artean daude:

 

  1. Eraldaketa digitalak planteatzen dituen erronka teknologiko berriei —sektore bakoitzaren beharretara egokitzen direnak— erantzutea, startup onenekin eta irtenbide disruptiboenekin.
  2. Trakzio-enpresen intereseko negozio-arloetan potentzial handiena duten tokiko, estatuko eta nazioarteko startup-ak ezagutzea, berrikuntza-lerro disruptiboei ekin dakien eta lerro berriak sor daitezen.
  3. Nazioartean lehiakortasuna eta lidergoa areagotzea, teknologiarik berritzaileenak txertatzeari esker.
  4. Startup bizkortu, prestatu eta trebatuekin lan egitea, haien irtenbidea industrian modu arin, lehiakor eta profesionalean inplementa dadin.
  5. Erreferentziazko berrikuntza irekiaren eta industria adimendunaren plataformako kide izatea, eta plataformako kideekin jardunbide egokiak eta arrakasta-kasuak partekatzea, berrikuntza-proiektuak inplementa daitezen eta erdietsi nahi diren helburuak lor daitezen.
  6. Prestakuntza espezifikoa enpresek Venture Client gaitasunak gara ditzaten eta startup-ekin elkarlanean aritzearen inpaktua maximizatuko duten metodologiak eta tresnak txerta ditzaten, berrikuntza-iturri gisa, negozio-eragiketak optimizatzeko eta hobetzeko, eta erakundeen barruan produktu eta zerbitzu berriak garatzen laguntzeko.
  7. Berrikuntza Irekiko Hub handienarekin bat egitea —65 kide dituena, berrikuntzan eta ekintzailetzan aholkulari diren 40 aditu baino gehiago dituena, 20 inbertitzaile baino gehiagoko Venture Club bat duena eta aldaketa nola gidatu ikasteko 240 proiektu arrakastatsu dituena—.

 

BIND 4.0 plataformako trakzio-konpainia gisa parte hartuko bada, zenbait baldintza bete beharko da. Enpresek 250 langile baino gehiagoko jarduera-zentro bat, gutxienez, izan behar dute Euskadin, eta berrikuntzarako eta startup-ekin lan egiteko interes eta konpromiso handia izan behar dute.

 

  • BIND 4.0 PROGRAMAREN ON LINE AURKEZPENA, ENPRESA BERRIENTZAT: martxoaren 9an, 9:00etatik 10:00etara – BIND 4.0 plataformako trakzio-enpresa gisa parte hartzeko interesa duten enpresentzako web-mintegia. BIND 4.0 programaren aurkezpena: BIND 4.0 plataformako kide izatearen onurak eta konpromisoak. Aurkezpenean izateko, erregistratu esteka honen bidez.

 

Izena emateko epea apirilaren 8ra arte egongo da zabalik bind40.com webgunean, non programari buruzko informazio gehiago aurkituko duzuen.

 

BIND 4.0ri buruz

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza ireki publiko eta pribatuko plataforma bat da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sortua, SPRI Taldearen eta Euskadiko ekintzailetza-ekosistemako haren UpEuskadi plataformaren bidez. Gaur egun, Euskadin egoitza duten sektoreko erreferentziazko 80 enpresa nagusiek programarekin elkarlanean jarduten dute, hala nola Angulas Aguinaga, Iberdrola, ITP Aero, Mercedes Benz, Siemens Gamesa, Quirónsalud edo Coca Cola European Partners. Ekimen hori helburu hirukoitzarekin sortu zen: startupen garapena bizkortzea euskal industria-ekosisteman; enpresen eraldaketa digitala sustatzea; eta Euskadiko ekosistema industria-ekimen aurreratuaren hub gisa kokatzea. Programa 2016. urtean hasi zenetik, BIND 4.0 plataformak 160 startup baino gehiago bizkortu ditu eta 240 proiektu baino gehiago garatu ditu, 7 milioi euroko fakturazioa gaindituz. 2022ko uztailean hasiko da BIND 4.0 Open Innovation Acceleration Program programaren zazpigarren edizioan parte hartzeko deialdia, eta azaroan hasiko da BIND 4.0 SME Connection programaren bigarren edizioa, enpresa txikien eta ertainen eta startup-en arteko proiektuak garatzeko. Informazio gehiagorako: www.bind40.com