Eusko Jaurlaritzak 2022rako hazkunde ekonomikoko aurreikuspenak berrikusiko ditu, Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz

0
PRUEBA

Ekonomia eta Ogasun Sailak 2022rako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak berrikusi beharko ditu Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz, gatazka horrek ezinbestean eragina baitu euskal ekonomiaren bilakaeran. Halaxe ondorioztatzen da Sailak EUSTATen 2021eko laugarren Hiruhileko Kontu Ekonomikoei buruz egin duen baloraziotik. Kontu horietan berresten da joan den urteko hazkundea % 5,6koa izan zela —1998az geroztik izan den tasarik handiena—, Azpiazu sailburuaren Sailak zenbatetsi zuen moduan. Gainera, laugarren hiruhilekorako urte artekoa % 4,6koa izatea aurreikusten zen, orain ezagutu den datua baino hamarren bat txikiagoa. Haatik, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gertaera belikoek 2022rako beste balorazio bat egitera behartzen dute, abenduan egin zen balorazioaz bestelakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak hedapen handia izan du 2021ean, Europako herrialdeen batez bestekoa baino pixka bat handiagoa, barne-produktu gordinaren urteko batez bestekoa % 5,2 handitu baitzuten. Edonola ere, oraindik ez da berreskuratu pandemiaren aurreko barne-produktu gordina —aurtengo bigarren hiruhilekoan berreskuratzea espero da—.Hori lortzeko zailtasun ugari gainditu beharko dira, eta garrantzi handikoak: Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka belikoa, pandemiaren eta etorkizuneko aldaeren kontrola, hornidurarik eza (gatazka belikoaren ondorioz areagotu egin daiteke) eta inflazio handia. Izan ere, dagoeneko inflazioa ez da fenomeno iragankortzat hartzen, baizik eta hasieran espero baino gehiago iraun dezakeen fenomenotzat, batik bat gerrak energiaren prezioan —gasaren eta petrolioaren prezioan— izan dezakeen eraginagatik  eta industriarako, nekazaritzarako eta abarrerako lehengaien urritasuna areagotzeagatik.

Enpleguaren arloan, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuak % 5,5 hazi ziren urteko batez bestekoan, hau da, 49.120 lanpostu sortu ziren. Kopuru horiek abenduan aurreikusitakoak baino handiagoak direnez gero, berresten da susperraldi hori intentsiboa izaten ari dela enpleguan.

Eskaintzari erreparatuta, ikusten da sektorerik dinamikoena industria izan zela, urte osoan % 8,5 hazi baitzen, nahiz eta urtearen bigarren erdian dezelerazio txiki bat izan zen, batik bat zenbait manufakturatarako osagairik ez egoteagatik. Zenbatespen batzuetan aintzat hartzen denez, hornikuntzarik ezak 0,5 eta 1,8 puntu artean kendu ahal izan dio Europako barne-produktu gordinari, industriak herrialde bakoitzaren egitura ekonomikoan duen garrantziaren arabera.

Eraikuntzan isla handia izan zuen horrek bigarren hiruhilekoan, baina motelduz joan da urteko gainerako hilabeteetan, laugarren hiruhilekoan % 0,5eko igoera izan arte.

Zerbitzuen arloan, eta murriztapenak leundu ahala, oso portaera dinamikoa antzeman da merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan. Horri esker, balio erantsiaren urteko batez bestekoa % 5,0 hazi zen eta laugarren hiruhilekoan % 5,4. Bestalde, administrazio publikoarekin lotutako zerbitzuak ez ziren hain dinamikoak izan, baina, hala ere, adierazgarriak izan ziren (% 2,5 izan ziren 2021ean eta % 2,6 laugarren hiruhilekoan).

Azkenik, eskariak erakusten duenez, kanpo-sektoreak ekarpen positiboa egin zion barne-produktu gordinaren hazkundeari, bai urteko batez bestekoan, bai, bereziki, laugarren hiruhilekoan. Kanpo-merkatuaren susperraldia erabakigarria izan zen, eta, hala, ondasunen eta zerbitzuen esportazioak (atzerrira eta Estatuko gainerako lekuetara) barne-produktu gordinaren bikoitza hazi ziren termino errealetan (urteko batez bestekoa % 11,8 batean eta % 5,6 bestean); inportazioak ere erritmo onean hazi ziren (% 10,8 urteko batez bestekoan).