Eusko Jaurlaritzak telefono bat eta aurrez aurreko hiru puntu jarri ditu martxan Euskadira iristen diren errefuxiatu ukrainarrei arreta emateko

0

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Gurutze Gorriaren eskutik, telefono zenbaki bat eta aurrez aurreko hiru arreta gune jarri ditu martxan jada Ukrainatik iristen diren migratu errefuxiatuei erantzuteko. Zerbitzu hori pertsona horiei arreta emateko baino ez da erabiliko; izan ere, eskaintzak egiteko, errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoak jarraitzen du erabilgarri.

Nahiz eta Europa mailan oraindik ez den mekanismorik antolatu Ukrainaren inbasioaren ondorioz mugakide dituzten herrialdeetara iristen ari direnen lekualdatutakoentzako, badira pertsona eta familia batzuk beren kabuz Euskadira iristen ari direnak. “Gertakari hori fenomeno natural baten ondorio da, pertsona horiek dagoeneko senideen edo lagunen laguntza-sare bat duten tokira joaten baitira. Zentzu horretan, Euskadik 3.000-3.500 ukrainar biztanle inguru ditu”, adierazi du Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak. Familia eta pertsona horietako batzuk gure erkidegora iritsi dira dagoeneko.

Asteburu honetan pertsona gehiago etor daitezkeela aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak harremanetarako bitarteko berri horiek jarri dituzte abian. Legarretak azpimarratu duenez, “bertatik erantzun edo bideratu ahal izango ditugu behar dituzten eskaerak, beste erakunde eta entitate batzuekin abian dugun koordinazioari esker”. Eskariak askotarikoak izan daitezke: arreta sanitarioa eta/edo psikologikoa, bizileku-beharrak, eskola-matrikulazioekin lotutako eskakizunak, eta abar.

Hain zuzen ere, joan den asteartean Jaurlaritzak Erakunde arteko Mahai Soziala jarri zuen martxan, errefuxiatuen egoerari modu ordenatu eta koordinatuan erantzuna emango diona. Mahai horretan Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako ordezkariak daude, hala nola Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko, Hezkuntzako, Osasuneko eta Etxebizitzako ordezkariak. Horiekin batera, hiru aldundiek, euskal hiriburuetako hiru udalek, EUDELek, gobernuaren ordezkaritzak eta etorkinei eta errefuxiatuei arreta ematen dieten Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteek ere badute ordezkaritza, hala nola ACCEM Euskadik, Caritasek, CEARek, Zehar Errefuxiatuek, Gurutze Gorriak, Ellacuria Fundazioak, MPDLk eta Bizitza Berriak.

Ukrainaren inbasioaren ondorioz bi milioi pertsona inguru lekualdatu dira, datu ofizialen arabera, eta milioi bat pertsona baino gehiagok herrialde mugakideekin dituzten mugak zeharkatu dituzte jada.

Harremanetarako bideak

☎️  945 222 222 zenbakiak arreta telefonikoa eskainiko du 09:00tatik 22:00ra.

🏠 Euskadiko Gurutze Gorriak euskal hiriburuetan dituen egoitzetan, arreta aurrez aurrekoa eskainiko zaie asteburu honetan Euskadira iristen diren ukrainarrei 10:00etatik 18:00etara:

  • Arabako Gurutze Gorriaren egoitza autonomikoa. Gaztelako Atea 52. Vitoria-Gasteiz
  • Gipuzkoako Gurutze Gorriaren bulego probintziala, Zorroaga gaina 41. Donostia
  • Bizkaiko Gurutze Gorriaren eguneko zentroa. Concha Jeneralaren kalea 34. Bilbo