Jokin BIldarratz First Lego League txapeletaren Euskadiko finalean izan da

0
PRUEBA

Jokin Bildarratz Hezkuntza  sailburua Euskadiko First Lego League txapelketaren finalean izan da, Deustuko Unibertsitateko egoitzan. Bertan, ikasleek aurten garatu eta aurkeztu dituzten proiektuak zuzen-zuzenean ikusi ahal izan ditu. Sailburuarekin batera, finalean bisitari izan dira: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatua; Xabier Otxandiano, Bilboko Udalaren Politika Ekonomikoen eta Herritarren Arretaren zinegotzi koordinatzailea; eta José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea.

Aurten ere FLL-Euskadi lehiaketaren finala hiru egoitzatan ari da jokatzen, aldi berean: Deustun, Donostian, eta Arrasaten. Bigarren urtez jarraian, finala jenderik gabe eta burbuila taldeetan burutuko da, jende pilaketarik gerta ez dadin eta Covid-19ari aurre egiteko neurriak betetzen direla bermatzeko.

First Lego League Euskadi Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen duen hezkuntza-programa da, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza du. Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren parte da, eta haren helburua da ikasleen ezagutza zientifiko eta teknologikoen maila handitzea, bereziki emakumeen artean arreta jarrita.

970 ikasle, 118 talde, 44 ikastetxe

Lehen Hezkuntzako eta DBH-ko ia mila ikasle (6 eta 16 urte artekoak) bildu dira gaur goizez hiru egoitzetan: 44 ikastetxetako 118 talde, orotara. Azken hilabeteotan robot bat diseinatzen eta programatzen aritu dira, bai eta berrikuntza proiektu bat garatzen ere, antolakuntzak planteatutako erronkaren inguruko arazo bat konpontzeko.

FLL-k aurten mundu guztiko ikasleei planteatu dien erronka ondasun eta salgaien garraioaren ingurukoa da. Cargo Connect goiburuarekin, ikasleek etorkizuneko garraioari buruzko proiektuak landu eta aurkeztu dituzte, garraio azkarragoa, seguruagoa eta eraginkorragoa lortzea xede.

Gaur saridun gertatuko diren sei taldeek (bi talde egoitza bakoitzean) Estatuko finalean parte hartuko dute datorren apirilaren 2an, Malagako Torremolinos udalerrian. Bertan euren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte eta euren robotak lehian arituko dira Houstoneko (Estatu Batuak) munduko finalerako sailkatzeko. Munduko final hori apirilaren 23an eta 24an izango da.

Epaimahaiaren epaia gaur arratsaldeko 17.00etatik aurrera jakinaraziko da, Innobasqueren Youtube kanalean zuzenean emango den programaren bidez; programak hiru egoitzekin egingo du bat, eta palmares osoa jakinaraziko da.