- Gogorarazi du, 1.998 enpresak izan behar dituzten planez gain, guztiak daudela behartuta emakumeen berdintasuna bermatuko duten neurriak ezartzera
Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak zainduko du bihar indarrean sartuko den betebeharra betetzen dela, 50 langile baino gehiagoko enpresetan berdintasun-planak ezartzeko, batez ere Laneko Ikuskaritzaren eta gizarte-eragileen artean prestakuntza sustatzearen bidez, baina gogorarazi du arlo horretako neurriak hartzeko betebeharra enpresa guztiena dela.
2020an 200 langile baino gehiago dituzten enpresentzako eta 2021ean 100 langile baino gehiago dituztenentzako berdintasun-planen eskakizuna indarrean jarri ondoren, martxoaren 8an, Emakumearen Egunean, 901/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako hirugarren fasea osatuko da. Gaur egun, sailean 289 plan daude erregistratuta, eta 28 izapidetzen ari dira. Elena Pérez Barredo sailburuordeak onartu du kopuru hori ez datorrela bat Euskadin dauden tamaina horretako enpresa kopuruarekin.
“Jakin badakigu hedapen horrek zailtasunak dakartzala. Eta sentsibilizazio-faltako kasuak egoteaz gain, eta Euskaditik kanpoko lantokiak izateagatik beren planak Ministerioan erregistratu dituztenak hemen ez agertzeaz gain, berdintasun-batzordeetako kideen prestakuntza- eta trebakuntza-falta ere badago. Horregatik, ikuskapen-kanpainak indartzeaz gain, Sailak genero-eraginari buruzko txostenak egiten ditu hitzarmen kolektiboetan. Orain, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren azken osoko bileran berdintasun-batzordeen gaikuntza sustatzeko adostutako konpromisoa gehituko dugu, gizarte-eragileen bitartez, gizarte-eragileetan prestakuntza-planak ezartzeko laguntzetan genero-berdintasunari buruzko prestakuntza lehenestearekin batera”, azaldu du.
50-99 langile bitarteko 1.074 enpresak izango dute betebehar hori martxoaren 8tik aurrera. Handienak gehituz gero, guztira 1.998 enpresari eskatuko zaie plan hori izatea. Euskadin daudenetako % 1,31 dira, baina 462.822 langileri eragiten diete, % 50,89ri, Eustaten 2021eko urtarrilaren 1eko datuen arabera.
Nolanahi ere, sailburuordeak berretsi du enpresa guztiak behartuta daudela beren lantokian emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna bultzatuko duten neurriak sartzera. Horri gehitu behar zaizkio berdintasun hori eta soldata-arrakalari aurre egitea bultzatzen duten beste tresna batzuk, hala nola soldata-erregistroaren gaineko betebehar orokorra eta ordainsarien gardentasunarena.