Osakidetzak bere profesionalen esku jarri du sexu-jazarpenen kasuetarako aholkularitza konfidentziala

0
PRUEBA

Aholkularitzarekin telefono bakar baten edo web bidezko inprimaki baten bidez jarri ahalko dira harremanetan eta hitzordua eskatu haien egoera partekatzeko eta, egoki iruditzen bazaie, salaketa bat jartzeko

Hura da Sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko Osakidetzako Protokoloaren nobedade nagusietako bat, EAEko Osasun Zerbitzuak zabaldu berri duena

Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurreko Osakidetzako protokoloa Osakidetzako profesionalei, prestakuntzan dauden langileei, praktiketan dauden ikasleei edo kanpo-enpresetakoak diren eta zerbitzua Osakidetzan ematen duten pertsonei zuzentzen zaie, haien lan-ingurunean jarrera sexisten xede izaten ari direla edo sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera bat jasaten ari direla uste eta egoera horri buruzko aholkularitza jaso nahi dutenei. Protokoloaren helburu nagusia da sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerarik gabeko lan-ingurunea bermatzea Osakidetzan.

Hori horrela, dokumentuak Osakidetzarekin lanbide-harremana izanik portaera sexistaren edo sexu-jazarpenaren biktima izaten ari dela uste duen pertsona batek jarraitu behar dituen urratsak jasotzen ditu. Horretarako, Osakidetzak pertsona kaltetuak erakundearekin Aholkularitza Konfidentzialaren bidez harremanetan jartzeko bide bikoitza aurreikusi du: dela telefonoz, arreta emateko telefono bakarraren bidez (945207979), dela webaren bidez horretarako prestatutako inprimaki batean. Bi kasu horietan, bermatu egiten da prozesuari emandako datuen konfidentzialtasuna.

Aholkularitza Konfidentzialarekin harremanetan jarri ondoren, kasua pertsona kaltetuarekin aztertuko da, eta hark erabaki dezake salaketa bat formalizatzea, bai ahoz bai idatziz. Salaketaren ondoren, Ikerketa Batzorde bat izango da prozedura formala egiteko arduraduna, eta ikerketa-txostena eta neurrien proposamena Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaliko ditu. Gainera, ikerketa-prozesuan, kasua informazio-espedientetzat joko da, hark diziplina motako ondorioak balitu ere.

Osakidetzak hura eratzen duten eta lan-ingurunean jazarpen-egoera baten edo jokabide sexista baten berri duten pertsona guztiei egoera horien berri emateko eskatzen die, bereziki langileen ordezkaritza edo haien gaineko erantzukizunak dituzten pertsonei, bai eta jokabide sexistarik gabeko kultura eta giroa lortzeko konpromiso aktiboa izateko ere.  Gogorarazi du horiek oztopoak direla emakumea lan-eremuan behar bezala integratzeko, eta larriki kaltetzen dutela jasaten dutenen osasunean eta erakundearen lan-baldintzak eta -giroa kaltetzen dutela.

Gaur ezagutzera eman den Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurreko Osakidetzaren protokoloa ulertu behar da Osakidetzaren I. Berdintasun Planean erakundean bertan berdintasunaren garapenaren inguruan hartutako konpromiso nagusietako bat dela.