Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak dei egin die herritar guztiei martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta deitutako ekitaldi ezberdinetan parte hartzera. Landaidaren iritziz, parte-hartze hori bereziki garrantzitsua da, “berdintasunerako une erabakigarrian gaudelako, “Covid 19ak eragindako krisiaren ondorioekin, emakumeek ondorio latzenak jasan dituztelako, eta, bestetik, eskuin muturretik datozen berdintasunaren aurkako diskurtsoak indarrez azaleratzen ari direlako”. Emakundek egunero emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzearen alde lan egitera animatzen ditu herritarrak, “bakoitzak gure espazioetatik”, eta martxoaren 8a bezalako aldarrikapen egun batean, “berdintasunaren aurkako diskurtsoei aurre egin eta erantzun sendoa ematera, horrela erakutsiz euskal herritar gehienak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde daudela, eta ez dutela onartuko atzerapauso bat bera ere lortutako eskubideetan”. Emakundeko zuzendariak mugimendu feministak Bilbon deitutako manifestazioan parte hartuko du. 19:30etan Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da.