Euskadiko Fiskaltzak Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 40. urteurrena ospatu du

0

Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusia buru izan du Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 40. urteurrena gogoratzeko aste honetan Bilboko Justizia Jauregian egin den ekitaldiak; bertan izan da, halaber, Carmen Adán, Euskadiko fiskal nagusia.

Dolores Delgadok Ministerio Fiskalak “aldaketa sozialaren eta aurrerabidearen benetako eragile” gisa egiten duen lana azpimarratu du, eta atsekabea adierazi du, “Justiziako ezezagun handia” delako, nahiz eta “funtzio ugari” betetzen dituen eta presentzia duen “espazio askotan, zerbitzu publiko direlako konbentzimendu osoz eta gizartearen mesedetan zorroztasun eta profesionaltasun handiz lan egiten duten profesional bikainekin”.

Carmen Adán Euskadiko fiskal nagusiak eta Iñaki Subijana Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak ere hartu dute hitza, eta azken horrek epaileen eta fiskalen “hurbiltasun instituzionala” aipatu du, eta gogora ekarri du “baldintza oso zailetan” fiskalek justiziaren ekintza sustatu zutela “legezkotasuna babesteko”, eta horri esker legea gizalegerik ezari gailendu zaiola.

Ekitaldia Bilboko Justizia Jauregian egin da, eta bertan izan dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko burua, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariordea eta Segurtasun sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Manu Lezertua arartekoa, beste agintari batzuk eta Estatuko segurtasun indar eta gorputzen ordezkariak.

Ekitaldia amaitzean, fiskal nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal taldearekin bildu da. Bileran izan dira Carmen Adán Euskadiko fiskal nagusia eta hiru probintzietako fiskalburuak: Ana Barrilero, Bizkaiko fiskal probintziala; Juan Calparsoro, Gipuzkoako fiskal probintziala, eta Jesús María Izaguirre, Arabako fiskal probintziala.