2021ean Euskadiko errepideetan izandako 489 gorabeheratan esku hartu du Eusko Jaurlaritzaren erreskateko garabi-zerbitzuak

0

Hamaika urte dira Bilboko metropoli-inguruan ibilgailuak A-8 errepidetik eta sarbideetatik berehala kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzua abian jarri zenetik, eta iaz 489 gorabeheratan esku hartu zuen (155 istripu eta 334 matxura). Kasu guztietatik (489) 195etan, gidariek ezin izan zuten haien ibilgailua bazterbidera eraman.

Era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko ilarak sortzen ditu zirkulazio-baldintza normaletan. Hala ere, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz, 2021eko urtarriletik maiatzera bitartean Bizkaiko hiriburuko sarbideetan zirkulazio-fluxuak 2019ko aldi berean erregistratutakoak baino % 2,5 gutxiago izan ziren. Kalkuluen arabera, beraz, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzuak 1.230 bat kilometroko ilarak saihestu ditu (195 gorabehera 6,3 kilometroko).

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren alde lan egiteaz gainera, gidatzea ahalik eta arinena eta erosoena izateko ere lan egiten du. Hori dela eta, erreskateko garabi-zerbitzuaren alde apustu egiten jarraitzen dugu, Euskadiko bide-sarean izaten ari den eraginkortasuna eta emaitza bikainak ikusita”.

Duela hamaika urte zerbitzua abian jarri zenetik, garabiek 5.722 jarduketa izan dituzte. 2021ean mugitu ziren aldien % 31,7an istripuengatik mugitu ziren, 2020koaren oso antzeko zifra izanik (31,5). 2019an zifra hori % 40,4koa izan zen eta 2018an ia % 42koa. Azken urteotan, beraz, istripuek eragindako erreskateetan beheranzko joera hauteman da, eta, aitzitik, pixkanaka gora egin dute matxurek eragindako erreskateek. Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da 2020 oso urte berezia izan zela, Bizkaiko hiribururako sarbideetan zirkulazioa batez beste % 40 jaitsi baitzen pandemiak eragindako murrizketen ondorioz.

Garabiak —gehienez ere lau— A-8 errepideko 110 kilometro-puntuaren (Basauri) eta 139 kilometro-puntuaren artean (Kantabriako muga) kokatzen dira, A-8 errepideko tarte horretan eta tarte horretako sarbideetan, zirkulazioaren bi noranzkoetan, gorabeheraren bat izan duten autoak erreskatatzeko. Garabien kokapenak aurretik erabakitzen dira, eta bi noranzkoetan bide-zati luzeak barne hartzen dituzten puntu estrategikoak izaten dira. Erreskate-garabi batek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizatzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua egin behar duen puntura iristen den arte, batez beste 12 minutu behar ditu.

Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura, eramaten dira. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten da ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabia.