- eLankidetza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailan dagoena, lanean ari da Europar batasunak Kolonbian duen ordezkaritzarekin elkarrizketak hasteko eta lankidetza deszentralizatuaren ikuspegia emateko
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, Paul Ortega, eta Eusko Jaurlaritzaren Bruselako Ordezkaritzako kidea, Camila de Epalza, Estrasburgoko Kontseilu Europarraren egoitzan izan dira asteazken honetan. Bertan, Europar Batasuneko (EB) eskualdeetako eta tokiko gobernuetako garapenerako lankidetzaren arloko kargu politikoek parte hartu dute. Lankidetza deszentralizatuko eragile horiek Platforma koalizio pan-europarraren parte dira, eta Europar Batasunak auzotasunari, garapenari eta nazioarteko lankidetzari buruzko Global Europe plan berriaz hausnartu dute.
Iazko ekainean, EBak Global Europe plan berria onartu zuen, garapenerako lankidetza arloko tresna gehienak bateratzeko, eta kanpo-ekintzan lehentasun politikoei hobeto eta modu koherenteagoan erantzuteko. Programak 79.500 milioi euro ditu, eta, besteak beste, hainbat lehentasun sektorial zehazten ditu, hala nola klima-aldaketaren aurkako borroka, migrazio gaietan herrialde kideekin lan egitea edo genero berdintasuna.
Horregatik guztiagatik, eskualde gobernu europarrak, horien artean Eusko Jaurlaritza, bildu dira lankidetza deszentralizatuak Global Europe-ri egiten dion ekarpena ikusarazi eta nabarmenduko duten ekintzak zehazteko. Paul Ortegaren hitzetan, “eskualdeetako eta tokiko gobernuek tokiko erakunde zein giza mugimenduekin loturak sortzeko ikuspegi hurbilagoa eman dezakete, eta garatu ditzake ezagutzen elkartrukean oinarritzen diren lan-ildoak, asistentziatik urrunduz”.
EBren lan-ildoetako bat da herritartasun globalerako hezkuntzari zuzendutako ekimenak sortzea. Zentzu horretan, (H)ABIAN 2030 Gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiaren V. urteurrenaren ospakizunean jardunaldi batzuk egingo dira martxoaren 15ean, Europako hainbat udalek eta gobernuek egindako hezkuntza globaleko ekimenekin. Estrategiak euskal erakunde publikoak, garapenerako lankidetzako erakundeak, kultura eragileak eta ikastetxeak biltzen ditu.
EBren ordezkaritzekin lana
Platformaren apustuetako bat da Europar Batasunak pobretutako herrialdeetan dituen ordezkaritzekin batera lan egitea tokiko garapenaren inguruan. Ildo horretatik, eLankidetza Europako beste eragile batzuekin lanean ari da Kolonbiako Ordezkaritzarekin elkarrizketak hasteko, lehentasunak ezagutzeko eta Europako eta Kolonbiako tokiko gobernuen eta agintarien arteko ekimenak sustatzeko. Paul Ortegaren arabera, “euskal lankidetzak herrialde horretako erakundeekin duen gertutasunak eta harreman historikoek aukera ematen digute Europa eta Kolonbiaren artean lankidetzan aritzeko modu berriak sortzeko”.
Era berean, Platformarekin batera Latinoamerikako herrialdean egindako lanaren barruan, iaz, eLankidetzak ikerketa bat egin zuen Kolonbiako gizarte protestei eta garapenerako lankidetzan izandako inpaktuari buruz, bereziki, lankidetza deszentralizatuan.
2018an, eLankidetza eta Euskal Fondoa –Euskadi Basque Country izenpean– Platformako kide gisa onartuak izan ziren. Koalizio pan-europarra garapenerako lankidetzan lan egiten duten tokiko eta eskualdeko 30 gobernuk osatzen dute, eta estatu, Europa eta mundu mailan ordezkatzen dituzten eragileak biltzen ditu. Helburua da gobernu horiek EBren garapenerako lankidetzako politikei egiten dieten ekarpena indartzea eta kanpo politikako agenda eragitea.