Igandean, haurren danbor hotsek hartuko dute Azpeitia

0

Urtarrilean ezinezkoa izan zen, baina martxoaren 13 eguerdian, Azpeitiko haurrek danbor, atabal eta banderak astinduko dituzte Azpeitiko kaleetan. Ohiko orduan hasiko da 12:30ean, eta ohiko egunean ez bada ere, ohi bezalako haurren danborrada egingo da. “Ikastetxeek, eragileek eta udalak osasun egoerak uzten zuenean danborrada egiteko konpromisoa hartu genuen, eta bi hilabete exkaxera, osasun egoerak hobera egin duenean, egingo dugu tanborrada”, adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Iazko sansebastianetan ezinezkoa izan zen eta aurtengo sansebatianetan ere osasun egoera kaxkarra zen herrian, eta garaiko protokolo eta neurriek ez zuten uzten ohiko danborrada bere horretan mantentzea. Oso bestelakoa da egoera orain, eta eragileek horrela adostuta egingo dute igandean. Ohi baino ume gehiago izango dira kalean, iaz eta aurten tanborradan irtetea egokitzen zaien gaztetxo guztiek irteteko aukera izango baitute; zehazki bi talde gehiago izango dira. Guztira 600 bat haurrek hartuko dute parte. Talde gehiago izanik arropen beharra ere suertatu da eta Azkoitiko Udalak bi talderentzako arropak utzi dizkio Azpeitikoari: “Azkoitiko Udalari danborradako arropak uztea eskertu nahi diot publikoki”, gaineratu du.

12:30ean hasiko da Artetxe paretik danborrada, eta Alde Zaharreko kaleak ohi bezala zeharkatu ostean plazan bukatuko da. Ohi bezala, banderekin irteten dutenak udaletxean hartuko ditu alkateak. Karroza ere irtengo da danborradaren atzetik, Aranetik, eta inude jantzita irteteko asmoa dutenek Aranera joan beharko dute abiatzeko.

Eguna borobiltzeko, arratsaldean bi ekintza izango dira; alde batetik, 16:30etatik 20:00etara sokamuturra izango da. Eta, bestetik 17:00etatik 20:00etara jolas mitologikoez gozatzeko aukera izango da haur eta gaztetxoentzat Azoka Plazan.