Josu Erkoreka: “Jaurlaritzak kendu egingo du Ertzaintzan sartzeko emakumeei eskatzen zaien gutxieneko altuera”

0
  • Neurri honek egungo desberdintasuna zuzentzea eta emakumeak Ertzaintzara sartzen laguntzea du helburu

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Bizkaia Irratiako “Goizeko izarretan” saioan. Bertan, iragarri du Jaurlaritzak kendu egingo duela Ertzaintzan sartzeko emakumeei eskatzen zaien gutxieneko altuera. Erkorekak azaldu duenez, neurri honek egungo desberdintasuna zuzentzea eta emakumeak Ertzaintzara sartzen laguntzea du helburu.

Emakumeen presentzia handitzeko neurriak hartzen ari direla esan du sailburuak, eta plantilan oraindik emakumeak %16 badira ere, nabarmendu du azken deialdietan aurkeztu diren emakumeen portzentaiak gora egin duela, %30era iritsi arte. Egoera orekatzen ari bada ere, gehiago sakondu behar dela azpimarratu du Josu Erkorekak, eta horretarako Segurtasun saila Plan bat prestatzen ari dela jakinarazi du. Azaldu duenez, plan horrek bilatzen duena da, alde batetik, emakumeak Ertzaintzara sartzeko baldintzak bultzatzea eta, bestetik, plantilan dauden emakumeak erantzukizun karguetara iristeko  medioak jartzea.

Sexu-erasoak elizaren baitan

Elkarrizketan zehar elizaren baitan gertatu ziren zenbait sexu-gehiegikeriari buruz ere galdetu zaio Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuari, eta esan du, momentu honetan, Ertzaintza 58 kasu aztertzen ari dela; baina zifra horrek, egunetik egunera gora egiten duela aitortu du, biktimen testigantzak entzun eta salaketa jartzera animatzen ari baitira beste asko. “Beti da mesedegarria eta lagungarria salaketa aurkeztea, beste batzuen egora ere argitu ahal izateko”, adierazi du.

Eliz barrutiarekin harremana ona dela gaineratu du sailburuak, konprometituta agertu baita uneoro eta elkarlanerako prest. “Elkarlana beharrezkoa da, ona da eta positiboa izaten ari da. Baina Ertzaintzak bere lana egin behar du, eta delitua egon den lekuan gauzak argitu eta beharrezko erantzukizunak eskatu behar ditu”, azpimarratu du.