Osasuneko sailburua “Osasun Langileen Plaza” inauguratzeko ekitaldian izan da, Bilbon

0
  • Bilboko Udalak plaza bat eskaini die langile sanitarioei, haien bokazioari eta pandemian eginiko ahaleginari eskainia.
  • Espazioa Bilbo Intermodalaren geltokiaren ondoan dago, eta “Profesional Sanitarioen plaza” izena du.
  • Izendapen berri hori sartu du Bilboko Udalak hiriko kale-izendegian eta, hala, aintzatespen horrek osasun-eremuan lan egiten duten pertsona guztiak barne hartzea nahi du.

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburua, gaur goizean, “Osasun Langileen Plaza” inauguratzeko ekitaldian izan da, COVID-19aren pandemian osasun-eremuko langile guztien lana aintzatesteko; ekitaldia Bilboko Udalak antolatu du.

Osasun Langileen Plaza Bilbo Intermodalaren geltokiaren ondoan dago, eta ez du eraginik, errolda aldetik, ez saltoki ez etxebizitzetan.

Ekitaldian, Sailburuarekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea egon da, bera izan baita ekitaldiko buru, bai eta Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaietarako zinegotzia eta Udalbatzako kideak ere. Gainera, omenaldian osasun-eremuko profesionalak eta Bilboko osasun-zentroetako zuzendaritza-ordezkariak ere izan dira.

 

Hori horrela, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eskerrak eman dizkie alkateari eta Bilboko Udalari, osasun-lanbiderako plaza bat izatea “opari” bat delako. Sailburuak esan du “benetan urte gogorren” ondoren, EAEko osasun-eremuko profesionalek jakin dutela pandemiak ekarri duen “erronkari erantzun egokia” ematen. “Jakizue EAEko gizartea harro dagoela zuon lanarekin, zuon ahaleginarekin eta dedikazioarekin”, esan du Sailburuak; gainera, “gainerakoen bizitza salbatzeko berena eman zuten” pertsonak ekarri ditu gogora. Gotzone Sagarduik orainari buruz ere hitz egin du, eta esan du Osakidetzak osasun-jarduera berreskuratzea duela helburu nagusi.