Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendariak gaur adostu dituzte 2022ko martxotik maiatzera bitartean egingo den lan-kontratudun langileen barneko lekualdatze-lehiaketaren oinarriak Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lan-kontratudun langileen negoziazio-mahaiko sindikatuen (ELA eta HITZA) ordezkariekin. Lehiaketa ebatzi ondoren, EEP bat deituko da Sailean hutsik dauden plazekin.
Gaurko bileran adostu dutenez, lekualdatze-lehiaketa merezimendu-lehiaketa bidez ebatziko da, eta langile lan-kontradun finkoak aurkeztu ahal izango dira, bai zerbitzu aktiboan daudenak bai nahitaezko eszedentzian daudenak. Hautagaien merezimendu hauek baloratuko dira:
- Antzinatasuna eta/edo aurretik Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak.
- Lanbide-kategoria, hau da, eskatzailearen titularitatekoa den lanpostuaren ordainsaria.
- Eskatutako lanpostuaren eduki funtzionalarekin erlazionatuta egindako lana.
- Formakuntza
- Hizkuntzak
Lehiaketa-oposizio bidez ebatziko dira 16. eta 17. mailako lanpostuak, eta proba teoriko eta/edo praktiko baztertzailea egingo da, eskatutako lanpostuko gaitasunei buruzkoa.
Salbuespenezko neurri batzuk ere jaso dira lekualdatze-lehiaketak Saileko aldi baterako langileengan izango duen eragina minimizatzeko.