Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko mahaia gaur arratsaldean batzartu da Lehendakaritzan. Iñigo Urkullu Lehendakariak deitu duen bilera izan da eta mahaiaren koordinazio lanak Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari dagojitu zaizkio. Bilera honen helburua izan da Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonei harrera egiteko Euskadiko Lehen Kontingentzia Plana partekatzea.
Bileran izan dira: Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, Gotzones Sagardui Osasun sailburuak, Bingen Zupiria Kultura, Hizkuntza Politika eta Kiroleko sailburuak, Unai Olano ahaldun nagusiak, Ramiro diputatu nagusiak eta Arabako diputatu nagusiak.
2022ko otsailaren 24tik, Errusiako Gobernuak Ukrainaren gaineko inbasio militarra hasi du. Beste ondorio askoren artean, eraso honek izugarrikeriatik ihesi doazen milaka pertsonen desplazamendua suposatzen du.
2022ko martxoaren 3an, Europako Batzordeak o 2001/55/EE Zuzentarauaren aplikazioa onartu zuen. Ukrainatik ihes egindako pertsonei nazioarteko babesa ematera behartzen ditu estatu kideak. Babes horrek berekin dakar bizileku- eta lan-baimena, hezkuntzarako sarbidea, bizitoki egokia, gizarte-laguntza, finantza-laguntza eta arreta medikoa ematea. Babes horrek urtebeteko iraupena behar du izan, eta bi urtera luza daiteke.
Lehendakariak bileraren hasieran azaldu duenez, “harrera horretan laguntzeko borondatea dugu euskal erakundeok, eta zuzentarau hori betetzeko konpromisoa hartzen dugu”. Gure ekarpena Estatuko Administrazioaren erantzuna osatzera bideratzen da, nazioarteko babesaren arloan eskumena baitu – azaldu du Urkulluk.
Testuinguru horretan, gaur Euskadiko Lehen Kontingentzia Plana aurkeztu da, Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko. Egoera honi aurre egiteko diseinatu den lehendabiziko plana da, eta hiru asteko indarraldi laburra du. Beraz, behin-behineko izaera duen plana dela azpimarratu beharra dago.
Une honetan eskuragarri dagoen informazioarekin, ezinezkoa baita Euskadira irits daitezkeen pertsonen kopurua edo iristeko epeak aurreikustea. Bestalde, ez dakigu zer baliabide artikulatuko dituen Estatuak Europako Zuzentaraua aplikatzeko, aldi baterako babesak ematen dituen eskubideei dagokienez, edo lekualdatutako pertsonen biziraupenerako laguntza ekonomikoei dagokienez. Familia-erreferenterik gabeko adingabeak aldi baterako hartzeko estaldura juridiko zehatzik ere ez dugu oraindik.
Alor horietan ezjankintasuna nagusi den arren, euskal erakundeok aldez aurretik izan behar ditugu errefuxiatuei harrera duina egiteko behar diren baliabideak. Horretarako plan honek funtsezko hiru ezaugarri ditu:
– Indarraldi mugatua. martxoaren 10etik 31ra bitartean proiektatuko da. Horrela, aurreikuspen horiek eguneratu ahal izango dira..
– Behin-behineko aurreikuspena. Martxoaren 31 baino lehen, plana edozein unetan egokitu daiteke, gertaeren bilakaeraren arabera.
– Harrera duina.Trantsizioko lehen aste hauetan martxan jartzen den harrera duina dela bermatuko da.
.Helburu horrekin, bi egoera aurreikusten dira.
- agertokia. Harrera baliabide arrunt indartuekin. Kasu honetan, hipotesia da lehen aste hauetan 500 eta 700 pertsona artean iritsi direla. Orain gauden eszenatokia da. Une honetan errefortzu-mekanismoak dituzten harrera-baliabideak daude. Zehazki:
– Estatuaren Harrera eta Integrazio Sistemaren barruan dauden plazak;
– Irun, Oñati, Tolosa eta Berrizko ikastetxeetako baliabideak;
– Euskal hotel eta ostatuetako ostatuen aurreikuspena;
– Alokabidek eta udalek eskain ditzaketen etxebizitzak;
– Herritarren edo ukrainar jatorriko familien elkartasunak borondatez eskainitako etxebizitzak, senideak edo hurbilekoak hartzeko asmoa dutenak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, telefono bat eta aurrez aurreko zerbitzu bat jarriko ditu EAEko hiru hiriburuetan, Euskadira joaten diren ukrainarrei informazioa eta arreta emateko.
- agertokia. Baliabide gehigarriak dituen harrera.
Egoera horren hipotesitzat hartzen da pertsonen etorrera, lehen aste hauetan, 700 eta 1.500 pertsona artekoa izatea kasu baxuenean, eta 1.500 eta 3.000 edo gehiagokoa kasu altuenean. Agertoki horretan, 1. agertokiko baliabideez gain, harrera-baliabide gehigarriak ere zabalduko lirateke. Zehazki, honako hauek sortzea aurreikusten da:
– Boluntarioak diren itzultzaileen sarea;
– Hasierako informazio- eta harrera-zerbitzua aireportuan, tren-geltokietan eta autobusetan;
– Hasierako harrera- eta orientazio-zerbitzu bana euskal hiriburu bakoitzean;
– Larrialdiko ostatu-plan bat, eskuragarri dauden baliabideetan eta hotel eta ostatuetan;
– Hasierako laguntza-zerbitzua eta bizitegi-irtenbide egonkorra identifikatzea;
– Hiru bizitegi-irtenbide egonkor mota: senideen edo hurbilekoen etxebizitzak, erakundeek jarritako etxebizitzak eta gizarte-eskaintzarako etxebizitzak.
Era berean, foru-aldundiek familia-erreferenterik ez duten adingabeei eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei beharrezko arreta eskaintzea aurreikusten da. Udaleko Gizarte Zerbitzuek, berriz, ohiko erreferente gisa jardungo dute gizarteratzeko.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, ahal duen neurrian, laguntza emango die lekualdatutako pertsonei eta Estatuko administrazioari, ministerio-aginduan ezarritako aldi baterako babesa aitortzeko izapideetan.
Gainera, bizirauteko laguntza ekonomikoak bermatzeko Estatuaren mekanismoa zehaztuta ez dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak akordio bat prestatuko du gizarte-erakundeekin, pertsonei eta familiei behar izan ditzaketen laguntza ekonomikoak helarazteko.
Lehen Kontingentzia Planak aurreikusten du, halaber, Eusko Jaurlaritzak herritarren elkartasuna bideratzeko proposamena egitea. Osagarri gisa, bizitoki kolektibo gehigarriak identifikatzeko lanean ari gara, bai titulartasun publikoko egoitzetan, bai erakunde erlijiosoetan edo beste mota bateko egoitzetan, Ukrainatik etorritakoen etorrera handia eta kontzentratua izanez gero erabil daitezkeenak.
Horrekin guztiarekin batera, laguntza-gaitasun esanguratsua duten erakundeekin komunikatzen edo koordinatzen ari gara, hala nola Txernobildik datozen haurrak hartzen dituzten euskal familien elkarteekin, Ukraina eta Euskadi lotzen dituzten erakundeekin, tokian bertan lanean ari diren gizarte-erakundeekin, Eliza Ortodoxoaren eta Katolikoaren ordezkaritzekin eta egokitzat eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein kontakturekin.
Bileraren esparruan, lehendakariak nabarmendu du euskal erakundeen harrera-borondatea erantzukizunaren eta erantzukidetasunaren arau-printzipioetan oinarritzen dela, bai eta printzipio etikoetan eta elkartasunean ere.
Arauen ikuspegitik, euskal erakundeek giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta errefuxiatuen nazioarteko zuzenbidearen betebeharrak betetzeko erabakia dute.
Ikuspuntu etikotik, 2019ko azaroaren 30ean sinatutako Migraziorako Euskal Itun Sozialak erreferentzia-esparru bat eskaintzen du. Dokumentu horrek dioenez, migrazioaren edo asiloaren arloan, printzipio etiko nagusia jaso beharko genukeena eskaintzea da, antzeko egoeran egonez gero. Horixe da Euskadiko Lehen Kontingentzia Planaren espiritua.