Tapia: “Mendekotasun energetiko izugarria dugu. Berriztagarrietan eta hidrogenoan sinesten badugu, erabakiak hartu eta apustu sendoa egin behar dugu erakunde guztiek”

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean ETB1eko Egun on Euskadin.

Errusiaren inbasioak Ukrainan eragindako krisi ekonomiko eta humanitarioak markatu du elkarrizketaren edukia. Bertan, sailburuak aztertu ditu gatazka beliko honek Euskadin dituen ondorioak.

Mendekotasun energetikoaz:

«Dependentzia ikaragarrizkoa dugu eta bertan energia sortzeko ahalegina egin behar da. Gertuko ekoizpena behar badugu erabakiak hartu behar dira. Ez dugu energia nuklearrik nahi bertan, baina Frantzian erosten duguna nuklearra da. Benetan sinesten badugu energia berriztagarrien eta hidrogenoaren alde egin behar dela, erabakiak hartu behar dira: non eta nola».

«Gasa ez, gurea denean, baina kanpokoa bai. Orain konturatzen gara zer arazo ematen dizkigun “gertukoa ez, baina urrutikoa, bai ” jarrera horrek».

«Baliabideak aztertu behar ditugu eta apustu sendo bat egin behar dugu instituzio guztiek».

«Hemen ere ekoiztu behar da energia. Sinesten badugu hori dela bidea, hori adostu behar dugu».