Bus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari berriki martxan jarri delarik

0

Bus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari gaur goizean, garraio-sistema berria martxan jarri zenetik bigarren astea beteko den honetan. Arabako hiriburuan egindako topaketa batean, bi udalek duela urte batzuetatik mugikortasun-eredu iraunkorrago, osasungarriago eta berritzaileago baterantz egiten duten ibilbideari buruzko hausnarketak partekatzeko aukera izan dute bi hirietako alkateek, Gorka Urtaranek eta Eneko Goiak.

Izan ere, Donostiako Udalak ere bus elektriko inteligentea ezarriko baitu DBus-en 17. linean, hurrengo urteotan. Martxoaren 1ean jarri zen martxan BEI Gasteizen, 7 autobusekin. Hurrengo asteetan osatuko da flota, 13 izateraino.

Goiz osoa iraun du lanaldiak. Lehen orduan, bilera tekniko-politiko bat egin da, eta Raimundo Ruiz de Escuderok eta Pilar Aranak —Gasteizko eta Donostiako mugikortasun-zinegotziak—, TUVISA eta DBUSeko arduradun María José Ajuriaguerra eta Igor Gonzálezek eta bi erakundeetako hainbat teknikarik parte hartu dute bertan. Ondoren, bi ordezkaritzek hainbat bidaia egin ahal izan dituzte BEIn, abantailak bertatik bertara ikusteko.

Sistema iraunkorragoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa da BEI. Puntako teknologiako 13 autobus elektrikok Gasteizko 14 auzo lotzen dituzte dagoeneko, TUVISAren lehengo 12. linean. Guztira 3 milioi erabiltzaile izateko potentziala du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa izan du. Web-orri honetan aurki daiteke BEIri buruzko informazioa: www.bei.eus.