Urkulluk nabarmendu du Euroeskualdeak pandemian erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna duela  

0

Lehendakaria Euskadiren ordezkaritzaren buru izan da gaur Bordelen Akitania/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak egin duen batzarrean. Alain Roussetek Akitania Berriko presidenteak hartu du Iñigo Urkullu goizeko lehen orduan, eta Maria Chivite Nafarroako lehendakaria ere elkartu da haiekin, modu telematikoan.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua izan dira Lehendakariarekin batera.

Gaurkoa Euroeskualdeak urtero egiten dituen bi batzar nagusietako lehenengoa da. Bertan 2021ean egindako jarduerari buruzko txostena aurkeztu da eta 2022ko ekitaldirako aurrekontu-jarraibideen ardatz nagusiak eztabaidatu dira. Era berean, Euroeskualdeko proiektuen 2022rako deialdirako esparrua onartu da.

Oraingoan, gainera, Akitania Berriari eskualdatu zaio Euroeskualdearen bi urteko presidentetza, izan ere, orain arte Euskadi izan da Euroeskualdearen buru. Lehendakariak Alain Rousseti makila eman dio, Europako taldearen lidergoaren ikur gisa.

Bileraren ondoren, Iñigo Urkulluk onuragarritzat jo ditu euskal presidentetzaren bi urteak –pandemiak markatutakoak izan badira ere–, eta Euroeskualdeak azken bi urteotan erantzuteko eta egokitzeko izan duen gaitasuna nabarmendu du; izan ere, osasun‑larrialdia gorabehera, 2021-2027 Plan Estrategikoa onartu da eta Euroeskualdearen Unibertsitate Estrategia abiarazi da.

Ildo horretan, gogorarazi du 2020-2021 aldian guztira 54 proiektu onartu direla eta 10 lankidetza estrategiko garatu direla; guztira, 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.

Azkenik, mugaz gaindiko gobernantza-eredu berri bat bultzatzearen garrantzia azpimarratu du lehendakariak, lurraldeko bizitzan esku hartzen duten administrazio publikoen eta eragileen inplikazioa lortzeko.

Amaitzeko esan du helburu partekatua dela Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak aurrera egitea lankidetzaren arloan Europako erreferentziako lurraldea gisa.