URAk Antzuolako kolektorea luzatzeko obrak lizitatu berri ditu

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Antzuolako hondakin-uren kolektorea luzatzeko obren lizitazioa egingo du. Horrek jarraipena emango dio Antzuola eta Bergara arteko A-636 errepidearen parean 2019ko martxoan amaitu zen zatiari, eta etorkizunean Antzuolako hondakin-uren isurketak Bergarara eramango ditu (horretarako, tarte berri bat egin beharko da).

Obra horiek egiteko aurreikusitako epea bost hilabetekoa da, eta 605.000 €-ko aurrekontua du, BEZa barne.

Proiektuak Antzuolako hondakin-uren egungo kolektoreko urak hartuko ditu ibaiaren ezkerraldean, egungo ibaira isurtzen den puntutik gora, Ezkitza errekak Antzuola ibaiarekin bat egin aurretik.

Egin beharreko lehenengo jarduketa errepideko hormigoizko hesiak kentzea izango da, ibaira behin-behinean sartzeko eta, horrela, proiektuan aurreikusitako jarduketak gauzatu ahal izateko. Gutxi gorabehera, 2.700 m3 material aterako dira sarbide hori gauzatzeko. Material hori behin-behinean pilatuko da, eta obrak amaitu ondoren, egungo kokalekuan berjarriko dira.

Ibaira sarbidea prest utzitakoan, egungo kolektorea luzatu egingo da. Hartara, lanak egikaritu ahal izateko,  egungo hoditeria bideratuko da  Antzuola ibaiaren, Ezkitza errekaren eta ezkerreko ertzeko ezpondaren arteko plataforma txiki batera.

Gero, kolektorea ertzez aldatuko da, eta ibilguaren eskuinaldera gurutzatu ondoren, harri-lubeta baten barnetik abiaraziko da, ibaira heldu aurretik (behin-behinean, hondakin urak Bergarara bideratu arte).

Jarduketa hori osatzeko, kolektorearen bidegurutzeak erasandako ezkerreko ertza babestuko da, eta erabiltzeari utziko zaion kolektore-tartea, zein bertan dauden hormigoizko elementuak -eskailerak, lauzak, eta abar kenduko dira. Era berean, errekastoko urak ibaira aise jariatzeko eta arrain-fauna errazago igarotzeko moduko igarobide malguago bat egingo da.