Azpeitiko I. herri orientazio proba egingo da, igandean

0

Azpeitiko Udala, Lagun Onak Mendi Taldea eta GOT orientazio Taldearen elkarlanari esker, orientazio kirola ezagutu eta parte hartu ahal izango da datorren martxoak 20, igandean, Azpeitian.

Orientazio kirola, nagusiki mendian egiten den kirola ezagutarazteko asmoz, herri barruko orientazio proba bat antolatuko da. Proba hau, 2022ko Gipuzkoako Orientazio Ligako 3. proba izango da eta aldi berean, Gipuzkoako Mendi Federazioaren laguntzarekin, eskolarteko orientazio proba ere izango da.

Proban, parte hartzaileek, 3 ibilbideren artean aukeratu beharko dute. Horia, laranja eta gorria. Ibilbide horia, etxeko txikienekin, familian egiteko ibilbidea izango da. Laranja, orientazio kiroleko hastapeneko ibilbidea, eta gorria berriz, orientazio kirolean aritzen direnentzako zuzendua.

Probaren harrera gunea, Azpeitiko Ikasberri ikastolan izango da, eta izen ematea martxoak 17, osteguna, gaueko 22.00ak baino lehen egin beharko da, GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko web orrian www.GOTorientazioa.org.

Antolakuntzatik, proban parte hartzera animatzen da, izan ere, kirol honek, adin eta gaitasun fisiko ezberdinak uztartzen dituen kirola baita. Heldu zein gazte, bakarka edo taldean, korrikalari edo ez, bakoitzak nahi duen moduan parte hartu dezake kirol honetan. Gipuzkoan, pixkanaka indartzen ari den kirol hau, Europa iparraldean oso hedatua dago.
Proba hau, ez da Azpeitiako herrian egingo den 2022ko orientazio proba bakarra, izan ere, ligako azken proba Erlon egin berri den orientazio mapa berrian izango baita. Martxoak 20an beraz, Azpeitian kirol berri bat ezagutu eta gozatzeko aukera izango da.

Informazioa eta izen ematea. https://gotorientazioa.org/2022-azpeitia/

Kontakturako. info@gotorientazioa.org (Oskar Gisasola 699 91 59 65)