Kontsumobidek 10 urte bete ditu, eta Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektua aurkeztu du

0

Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak, Turismoko sailburu Javier Hurtadok, Kontsumobideko zuzendari Laura Alzolak, Kontsumoko Euskal Institutuan zuzendaritza-ardura izan duten pertsonek, kontsumo- eta merkataritza-elkarteetako eta kontsumoko udal-bulegoetako ordezkariek eta kontsumoaren esparruari lotutako beste agente batzuek hartu dute parte.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren sorreraren hamargarren urteurrena ospatu da gaur, Bilboko ItsasMuseum museoan egindako ekitaldi batean. Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendu eta Javier Hurtado sailburuak inauguratu du, eta baliagarria izan da gaur goizean Gobernu Kontseiluak onartu duen kontsumoaren euskal Lege berriaren aurreproiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko. Lege hori urrats garrantzitsua izango da Kontsumobideren protagonismoan eta kontsumitzaileen eskubideen sendotzean aurrera egiteko.

Hurtado sailburuak adierazi duenez, kontsumitzaileak defendatu eta babesteko premien ondorioz planteatu zuen Eusko Jaurlaritzak Kontsumoko Euskal Institutua sortzeko aukera. Izan ere, gero eta tresna arinagoak eta eraginkorragoak behar ziren gatazkei aurrea hartzeko eta gatazkak konpontzeko. Erakunde autonomo bat ezartzearen bidez, sendotu egin ziren kontsumitzaile eta erabiltzaileei sortzen zaizkien gatazketan aholkularitza emateko eta gatazka horiek bideratzeko gero eta gizarte-eskakizun handiagoei erantzuteko ahalmenak.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari dagokionez, sailburuak azaldu du Kontsumobideren protagonismoa sendotzen eta garai berrietara egokitutako tresna berriez hornitzen lagunduko duela. Horretarako, bereziki hartu behar da kontuan kontsumitzaile edo erabiltzaile kalteberen eta gutxiagotasun, mendekotasun, babesgabetasun edo diskriminazioari lotutako egoera batean dauden kolektibo edo taldeen babesa.

Helburua da kontsumitzaileen eskubideak ahalik eta ondoen bermatzea. Lehenik eta behin, informazioari lotutako eskubideak neurri handiagoan babestearen, bitartekaritzaren zeregina eta jardunbide egokiak bultzatzearen eta merkatu-kontrola ikuskaritzarekin zein zehapen-erregimenarekin sendotzearen bidez.

Javier Hurtado sailburuak adierazi duenez, martxoaren 15a gure kontsumo-erabakietan pentsatzeko eguna da. “Gure gaurko kontsumoa gure biharko mundua izango da. Kontsumitzeko garaian hartzen ditugun erabakiek eragin handia dute guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat nahi dugun gizartea eraikitzeko garaian. Ospatzeko eguna da gaur, bai, baina nahi dugun kontsumo informatu, arduratsu, kontzientziatu eta kontzienteari buruzko gogoeta egiteko eguna ere bai”, adierazi du.