Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 eurorekin finantzatuko du euskarazko eta gaztelaniazko literatura ekoizpena

0

Onartutako diru-laguntzen helburua euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanak eta euskarazko audioliburuak argitaratzea da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 euro bideratuko ditu, aurreko edizioan baino 60.000 euro gehiago. Euskarazko audioliburuen ekoizpena sustatzeko modalitate berri bat sortu da eta horretarako bideratzen da batez ere dirulaguntzen igoera. 700.000 euroak honela banatuko dira: 

  • 515.000 euro euskarazko literatura argitalpenetarako
  • 125.000 euro gaztelaniazko literatura argitalpenetarako
  • 60.000 euro euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenetarako

Euskarazko literatur argitalpenen modalitateko diru-laguntzak eskatzen dituztenek euskararen eremu geografikoan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa) establezimendu egonkor bat irekita edo irekitzeko asmoa edo konpromisoa izan behar dute. Diru-laguntza gaztelaniaz eskatzen dutenek establezimendu egonkor bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, euskarazko audioliburuen argitalpen-ekoizpen literariorako laguntza jasotzeko, pertsona edo erakunde eskatzaileek laguntza jaso behar izan dute laguntza-deialdi honetako euskarazko argitalpen-ekoizpenaren modalitatean.

Argitaletxeek aurkeztu behar dituzten edizio-planetan 2022. urtean argitaratuko diren euskarazko edo gaztelaniazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarriak zehaztu beharko dituzte edo 2022. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburua. Edizio-planetan sartutako liburuek ezin izan dute dirulaguntza izan aurreko urtetako dirulaguntza hauen edizioetan eta ondorengo generotakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera.

Eskabideak apirilaren 2tik aurrera hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira.

2021eko deialdian 35 edizio-proiektu lagundu ziren diruz, 21 euskarazko modalitatean eta 14 gaztelaniazkoan. Elkar, Erein, Alberdania, Txalaparta, Astisendo edo Pamiela izan ziren dirulaguntza jaso zituzten argitaletxeetako batzuk.