OSAKIDETZAK OSASUNARI LOTUTAKO INFORMATIKARI BURUZKO SARI BAT JASO DU

0
PRUEBA

 Sari horren bidez aitortu egin da bertako profesionalek egindako ekarpena, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak osasun-eremuan garatu eta ezartzekoa

 

“SEISen jardueretan aurkeztutako ekarpenik aipagarrienaren saria” jaso du Osakidetzak, Osasunaren arloko Informatikaren Espainiako Elkartearen eskutik (SEIS), Osasunaren Arloko 2021eko Sari Nazionalen barruan.

Hala, Osakidetzak iaz SEISen ekitaldiei eta argitalpenei egin zizkien ekarpenak aintzatetsi dira. Ekarpen horiek pazientea eta hari emandako zainketak izan dituzte ardatz, pertsona osasun-sistemaren erdigunean jartzen duen estrategia egia bihurtzeko.

Osakidetzak SEISekin duen lankidetzatik abiatuta, zenbait artikulu idatzi dira, IKTekin eta osasun-eremuarekin lotutako proiektu eta alderdien zabalkunderako. Ekimenen artean, Otago proiektua nabarmentzen da; alegia, ariketa fisikoa eta oreka sustatuz erorikoak prebenitzeari buruzko ikerketaren emaitzak transferitzeko aplikazioa garatzekoa. Osasun mugikorraren edo mHealth delakoaren adibide bat da, osasunaren gaineko informazioa norbanakoei hurbiltzeko soluzio teknologikoak erakusten dituena. Osakidetzaren ikerketa-proiektu baten emaitza da, Bioarabarekin lankidetzan egindakoa eta Investn-iscii unitatearen babesa duena.

Hedatutako beste esperientzia batzuen artean aipatzekoa da ohe ondoko teknologiaz baliatzeko proiektua. Mugikortasuna sustatzeko ekimena da, ohe ondoan tablet arinak erabilita eta erabilera profesionaleko app klinikoen diseinuari esker. Osakidetzaren ospitalizazio-unitate guztietara zabaldu da jada, eta bereziki erizaintzarako garatu da, bi bloke handi hauetarako: segurtasun klinikoa, eta lantaldeen antolaketa eta eraginkortasuna.

Ingurune soziosanitarioan, batez ere bideodeien bidez, norbanakoek erabiltzen dituzten IKTak ere aipatu ditu Osakidetzak Osasunaren Informatika Elkartearen argitalpenean. IKTak aliatu bat dira osasun-arloko profesionalentzat, zenbait arazo arintzeko aukera ematen dietelako, hala nola instituzionalizatutakoen isolamendu-egoeretan edo pandemia-uneetan ospitaleratutako pazienteen kasuan.

Hain zuzen ere, pandemia bera eta IKTen garrantzia protagonista izan dira Osakidetzaren zabalkunde-artikuluetan, berebiziko garrantzia izan dutelako Covid-19ak ezarritako oztopoak gainditzeko. Esaterako, kanal ez-presentzialen bidez −geratzeko etorri dira− arreta ematea ahalbidetu dute.