Pertsona kalteberen babesa Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren ardatz nagusietako bat izango da

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Gobernu Kontseiluan gaur onartu den Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektua aurkeztu du. Legeak pertsona kalteberen babesa azpimarratuko du, ikuskapena eta zehapena indartuko dituzten mekanismoak gaituko ditu, eta kontsumo arduratsua bultzatuko du, kontsumo-ohitura berrietara egokituta.

Sailburuak azaldu duenez, legeria berriak “Kontsumobideren protagonismoa bultzatuko du, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen defentsa hobetzeko tresna berriak eskainiko dizkio. Nolanahi ere, gutxiagotasun, mendekotasun, babesgabetasun edo diskriminazioari lotutako egoera batean dauden edo kalteberatasun-egoera bat bizi duten kolektiboak hartuko dira bereziki kontuan”. Horrela, beraz, Estatutuak eskubideen babesa sendotuko du, inguruabar berrietara eta araudi berrira (nagusiki Europar Batasuneko araudira) egokituta.

Lehenik eta behin, informazioari lotutako eskubideen babes handiagoaren bidez. Adibidez, interes orokorreko zerbitzuetan (ura, elektrizitatea, gasa, telefonoa edo internet), enpresek zuzentzeko epe bat eskaini beharko dute prestazioa eten aurretik, eta, gainera, doako telefono bat izan beharko dute. Legeak, halaber, erabileran eragina izan dezaketen mantentze-obrei, pertsona kopuru handiei edo eguraldi-baldintzei buruzko informazioa eskaintzera behartuko ditu zerbitzu-enpresak zerbitzua kontratatu aurretik (autobideen, jolas-parkeen eta abarren kasuan).

Bigarrenik, aurreproiektuak bitartekaritza-zeregina sendotuko du. Adibidez, hipoteka-betearazpenen kasuan, Kontsumobidek bitartekari-lanak egin ahal izango ditu. Era berean, enpresa-jardunbide egokien kodeak bultzatuko dira, eta Kontsumobidek haiek lantzen parte hartu ahal izango du. Halaber, kontsumoko arbitraje-sistemarekiko atxikipena izango da sektore publikoan eta kontratazio publikoan aplikatu beharreko arau orokorra, eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko garaian baloratuko da.

Hirugarren alderdia merkatu-kontrolaren sendotzea da, eta berritasun garrantzitsuak dakartza. Europako jarraibideen ildotik, kontsumo-ikuskapena indartu egingo da, eta ikuskatzaileei ez identifikatzeko baimena emango zaie, identifikatzeagatik beren jarduketaren helburua zapuztu daitekeenean.

Era berean, zehapen-esparruari dagokionez, “Kontsumobidek kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea eta arau-hausteak eragindako kalte-galeren kalte-ordaina ematea erabaki ahal izango du enpresei ezarritako zehapenetan. Administrazio-zehapenaz gain, itzultzearen edo kalte-ordainaren zenbatekoa zehaztuko da, eta administrazioak berak ordaindu ahal izango du, kontsumitzaileen babesa sendotzeko”, azaldu du sailburuak.

Legeak arau-hausteen katalogo luzea eskainiko du, egungo arau-egoerara egokituagoa, eta enpresek azken hiru urteetan egindako arau-hausteak jendaurrean jartzeko aukera aurreikusten du.

Azkenik, sailburuak azpimarratu duenez, aurreproiektuak “kontsumo arduratsua arrazionaltasun- eta jasangarritasun-irizpideekin sustatzea du xede. Informazioan eta gogoetan oinarritutako neurriko kontsumo kontzientea sustatu nahi da, ingurumenaren zaintza, bizi-kalitatea eta garapen sozioekonomiko indibidual eta kolektibo arduratsua bereziki kontuan hartuta”. Horren barruan, aurre egin behar zaio elikadura-zarrastelkeriari, eta, horretarako, hainbat neurri hartuko dira, hala nola jatetxeetan ura doan ematea. Halaber, plastikoen inpaktua murriztuko da eta tokiko eta 0 km-ko produktuak sustatuko dira.