Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Joan Subirats Unibertsitate ministroak bilera egin dute gaur eguerdian Bilbon. Bi arduradunen arteko lehen hitzordua da hau, Subirats ministro izendatu berritan. Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan bildu dira bi agintariak, eta unibertsitateko aktualitateari buruz dituzten ikuspegiak partekatu dituzte. Bileran, sailburuarekin eta ministroarekin batera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek eta ministroaren Gabinete zuzendari Marta Cruellsek ere parte hartu dute.
Bilera hasteko, Bildarratz sailburuak Euskal Unibertsitate Sistemaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu: UPV/EHUz, Deustuko Unibertsitateaz eta Mondragon Unibertsitateaz gain, ikerkuntzarekin lotutako eragileak, 4Gune Klusterra eta Kontratu Programan funtsezko tresna bat duen sistema.
Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa
Espainiako Gobernuak Unibertsitate Lege berri bat (LOSU) bultzatzeko duen asmoa izan da bilkuraren ardatz nagusia. Bi taldeek legegintza-ekimen horren inguruan duten ikuspegia azaldu dute, elementu positiboak eta beharrezkoak nabarmenduz, baina baita Eusko Jaurlaritzaren aldetik desadostasunak sortzen dituzten elementuak identifikatuz ere. Ildo horretan, Hezkuntza Sailak adierazi dio ministroari prest dagoela elkarlanean aritzeko, Euskadin dagoeneko egin den bidea kontuan hartuko duen araudia garatu ahal izateko.
Europako politika eta Euroeskualdea ere aztertu dira bileran, eta Europako eskualdeen arteko lankidetza eta, bereziki, pertsonen mugikortasuna bultzatuko duen unibertsitate-politika artikulatzeari buruzko alderdiak jorratu dira. Sailburuak joan den martxoaren 2an Donostian aurkeztu zen Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Unibertsitate Estrategia eman dio.
Unibertsitatea+Enpresa eremuko lankidetzari dagokionez, sailburuak etorkizuneko erronkak partekatu ditu, bereziki Euskal Unibertsitate-prestakuntza Dualari dagokionez. Bildarratzek Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatea+Enpresa 2017-2022 Estrategiaren esperientzia azaldu du, eta prestakuntza mota hori sustatzeko, euskal estrategia erreferentziatzat har dezan eskatu dio. Ildo horretatik, Jokin Bildarratzek Eusko Jaurlaritzaren, Unibasq-en Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen eta Confebasq-en adierazpen bateratua eman dio Unibertsitate ministroari, Euskal Unibertsitate-prestakuntza Dualari buruzkoa, oinarrizko elementua baita hori Euskadirentzat lehentasunezkoa den unibertsitate-prestakuntzaren ereduaren egungo eta etorkizuneko garapenean.
Amaieran, Jokin Bildarratz sailburuak eta Joan Subirats ministroak oso positibotzat jo dute bilera, eta unibertsitate esparruaren mesedetan elkarlanean jarraitzeko prest agertu dira.