EAE zoster herpesaren aurkako txertoa ematen hasi da

0

EAE zoster herpesaren aurkako txertoa aste honetan ematen hasi da, eta horrek etorkizunean gaitz hori murrizten lagunduko du, bereziki arrisku-kolektiboetan. Txertaketa proaktiboki egingo dute Osakidetzan arrisku-kolektiboetakoak diren 18 urtetik gorakoen osasunaren segimendua egiteko ardura duten zerbitzuek, eta, horretarako, EAEko Txertoen Aholku Batzordeak ezarritako lehentasunen hurrenkerari jarraituko zaio eta erabilgarri dauden dosiak kontuan hartuko dira.

Zoster herpesa barizela/zosterraren birusak eragindako infekzioa da, eta hura jasateko arriskua adinean aurrera joan ahala areagotu egiten da (50 urtetik aurrera), bereziki immunodepresio-egoeretan. Haren intzidentzia gero eta altuagoa da, nagusiki emakumeetan, eta nabarmen hazten da adinarekin eta, bereziki, immunodeprimituetan. Nahiz eta gaixotasun horrek heriotza-tasa handia ez dakarren, konplikazioek desgaitasuna ekar dezakete, bai eta bizi-kalitatea nabarmen murriztea ere.

Hori horrela, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak urrats hori EAEko biztanleen bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko garrantzitsua dela esan du. 

ARRISKU-TALDEAK

2018an, Txertoen Ponentziak eta Osasun Publikoko Batzordeak txerto hori emateko xede diren arrisku-taldeak ezarri zituzten. Arrisku-talde horietan daude transplantea izan duten pertsonak eta, nagusiki, immunodeprimituak. Dosien eskuragarritasuna kontuan hartuta, EAEko Txertoen Aholku Batzordeak lehenespen-hurrenkera bat ezarri zuen:

  1. Zelula ama hematopoietikoen transplantea.
  2. Organo solidoaren transplantea azken bi urteetan.
  3. Hemopatia gaiztoak fase aktiboan.
  4. Ahozko tratamendua, anti-JAK farmakoen bidez.
  5. Organo solidoaren transplantea duela bi urte baino gehiago.
  6. GIBa, honako kontaketa honekin: CD4 < 350.
  7. Kimioterapiaren tratamendua izaten ari diren tumore solidoak.
  8. GIBa, honako kontaketa honekin: CD4≥350. 

TXERTOA

Gaur egun, Medikamentuaren Europako Agentziak (EMA) bi txerto ditu baimenduta Zoster herpesaren aurka.

  • Zostavax txertoa barizela/zosterraren birus indargabetuen txerto bizia da. Pauta dosi bakarrekoa da. Kontraindikatuta dago immunoeskasia primarioan edo hartutakoan.
  • Shingrix txertoa; barizela/zosterraren birusaren zatiak ditu txerto honek (beraz, ezin du gaixotasuna eragin), babesa handiagoa eta iraunkorragoa izateko adjubante batekin batera. Bi dosikoa da pauta. 18 urtetik aurrera immunoeskasia dakarten arrisku-baldintzak dituzten pertsonen kasuan egokiesten da.

Bi txertoak dira seguruak; Shingrix da eraginkorrena.

EAEn Shingrix emango da; bi dosi behar dira, eta lehena eta bigarrena emateko denbora-tarteak 2 hilekoa izan behar du.

Txerto honek barizela/zosterraren birusaren eta herpesaren osteko neuralgiaren (etengabeko mina eta iraunkorra denboran, zoster herpesaren babak desagertu arren ere) aurrean prebenitzen eta babesten du; herpesaren osteko neuralgia gaixotasuna izatean egoten den konplikaziorik ohikoena da 

NOLA EMANGO ZAIO TXERTOA XEDE-KOLEKTIBOARI?

Txertaketa proaktiboki egingo dute Osakidetzan aurretik aipatu ditugun arrisku-taldeetako pertsonen osasunaren segimendua egiteko ardura duten zerbitzuek, eta, horretarako, EAEko Txertoen Aholku Batzordeak ezarritako lehentasunen hurrenkerari jarraituko zaio. Osakidetza pertsona horiekin jarriko da harremanetan, eta txertoa ohiko guneetan emango du, ospitale-eremuan. 

ARGIBIDE GEHIAGO

Noiz hartzen da zoster herpesa?

Zoster herpesa hartzen da barizela/zosterraren birusa, barizela eragiten duena, berraktibatu egiten denean gorputzean, barizela izan ondoren.

Zoster herpesa duenak kutsa dezake infekzioa bera?

Ez. Hala ere, zoster herpesa duen pertsona batek barizela kutsa diezaioke gaixotasun horren aurkako txertoa jarrita ez duen edo barizela izan ez duen pertsona bati. Sekula ez dio, baina, zoster herpesa kutsatuko.

Birusaren transmisiorik egon ez dadin, rash-a estali behar da eta ez da ez ukitu ez hazka egin behar.