Ostiralera arte aurkez daitezke Joxe Takolo bekarako proiektuak Azpeitin

0
Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena eta izana islatzeko helburuz sortutako 2022ko deialdian proiektuak aurkezteko epea ostiralean, martxoak 18, bukatuko da. 3.000#ko beka Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi federazioakematen dute eta goi mendizaletasuna, abentura, zientzia eta dibulgazio proiektuak laguntzen dira diruz.

2001. urtetik Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendizale elkarteak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena daraman beka ematen dute. 2022ko deialdia abian da dagoeneko, eta martxoaren 18a bitartean izango da proiektuak aurkezteko epea. Goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko 3.000€ko beka da abian jarritakoa. Egoitz Arruti kirol batzordeburuak Joxe Takoloren izena eta izana goraipatu nahi izan ditu: «Joxe Takolo mendizalearen figura ezagutarazteko beka da gaur aurkeztera gatozena. Hasiera batean alpinismoko proiektuak laguntzeko bazen ere, urtez urte kirola aldatzen joan den heinean, beka egokitzen goaz», adierazi du.

Aldaketa horren baitakoa da aurtengo oinarrietan egindako egokitze bakarra: Orain artean azken urtebetean federatuta egotea ezinbesteko baldintza zen. Orain, puntuagarria izango da federatuta egotea. «Konturatu gara azken urteotan zientzia, ikerketa edo naturari lotutako proiektuak ugaritzen ari direla, eta ez dugu muga izaterik nahi baldintza hori», zehaztu du.

Bekaren irizpideak
Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik, proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) irizpideak objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.

Proiektua aurkezten dutenek, diruz laguntzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko dituzte, eta horri Nortasun Agiriaren fotokopia erantsi. Egin nahi den proiektuaren memoria, hari dagokion aurrekontuarekin batera ere aurkeztu beharko da, bai paperean baita euskarri informatikoan ere.

Kontsultatu oinarriak