Txoria txori ‘eta Europako ereserkia bakea aldarrikatzeko

0

«Musikak bonbak isilaraz ditzala eta gure instrumentuak izan daitezela arma bakarrak, notak jaurtiz mundua bakearen aldeko doinuekin samurtzeko»; mezu hori helarazi zuen UEMyD Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak atzo, martxoak 15, bakearen aldeko deialdian. Halaber, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleak Donostiako Blas de Otero plazan elkartu ziren ekimenarekin bat eginez, beren instrumentu, ahots eta dantzekin Txoria Txori eta Europako ereserkia interpretatuz. Ekitaldi honekin, Eskolak bakearen aldeko aldarrikapen irmoa zabaldu nahi izan du, gerraren biktima eta errefuxiatuei elkartasuna adieraziz.

Kontzertua arratsaldeko 18:30ean hasi zen; Eskolako adin guztietako ikasleak, bai musikakoak zein dantzakoak, plazan bildu ziren euren irakasleekin batera. Guztira 300 bat parte-hartzaile bildu ziren Europako ereserkia interpretatzeko; ondoren, Mikel Romero Eskolako kudeatzaileak eta Mayu Susperregi pedagogia, kantu eta piano irakasleak euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuten UEMYDk idatzitako manifestua. Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratutako guztiek Laboaren ‘Txoria txori’ abestu zuten; dantza ikasleek koreografia bat eskaini zuten Eskolako abesbatzak eta Mayu Susperregi eta Karmele Iriarte irakasleek beren ahotsak jarri zituztelarik.

Bestalde, Herrerako irakasleek ere bat egin zuten ekimenarekin, eta ordu berean ikasleak eskolako patioan deitu zituzten bakea aldarrikatzeko aukeratutako doinuak interpretatzeko.